Barakaldo
Liburu eta diskoek hartuak dituzte Barakaldoko Herriko Plazako txoko guztiak. Egunotan, Barakaldoko 22. Liburu Azoka egiten ari dira.
Astelehenera arte daukate handik pasatu ez direnek bisita egiteko aukera. 24 saltokitan eta liburutegi batean hamazortzi argitaletxe eta sei liburu dendaren lanak daude ikusgai eta salgai.
11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik azoka gaur eta datorren astelehenean. Bihar eta etzi, berriz, ordu erdi lehenago zabalduko dute.
Idazleekin eurekin hartu-emanak izateko aukera ere izango da. Bihar, esaterako, 19:00etan, Toti Martinez de Lezea idazlea izango da azokan, Nur bere lanarekin. Alberto Bargos eta Piedad Ortiz de Urbina ere han izango dira. Domekan, 13:00etik aurrera, Pedro Ugarte, David Gotsidrizde, Mikel Alvira eta Javier Consejo bertaratuko dira. Astelehena izango da idazleek euren lanak sinatzeko azken eguna. Egun horretan, Andres Galan eta Victor Manuel Gete izango dira Barakaldoko azokan.
Prezio merkeagoak
Liburu edo disko berriak erosteko orduan, beherapenak dauzkate bezeroek azoka horretan. Hain zuzen, dendetan baino %10 merkeago aurkituko dituzte. Euskal Pizkundearen garaiko argazki eta liburuen erakusketa bisitatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.
Gaztetxoenen aisialdirako jarduerak antolatuko dituzte, bestalde, bihar. 12:00etan, Atarrabi taldeak antolatutako tailerrak izango dira. 16:00etan, sortze-idazkeraren 5. rallya egingo dute. Ibilalditxo bat egin behar dute parte hartzaileek, eta noizean behin bidean geldituta, norberak sentitzen eta ikusten duena paperean idaztean datza jarduera hori. Barakaldoko Udalak gogora ekarri du azken urteetan oso harrera ona izan duela.
18:30ean, Zirkale konpainiak Vaya par! (A ze parea!) kaleko antzezlana interpretatuko du. Domekarako, puzgarriak eta haurrentzako tailerrak antolatu ditu Ainara kultur elkarteak. 18:30ean, Jolas, el científico inventor (Jolas, zientzialari asmatzailea) kaleko antzerkia izango da.