Joan den urtarrilean, Gatazka Gunea itxi zen, hainbat kolektibo biltzen zituen elkartea. DDT zen gune horretako partaideetako bat, kultura material alternatiboen banaketan lan egiten duen kolektiboa. Orain, lokal berria martxan jarriko dute Martzana kaian. Omar Lopezek eta Mikel Corralesek aldaketa horren nondik norakoak azaldu dituzte, kolektiboaren izenean betiere.
Lopezen hitzetan, Gatazkak “lan erraldoia” eskatzen zien, eta “ezinezkoa” suertatu zitzaien militantziaren bitartez aurrera eramatea. “Ia hogei urte iraun duen arazo bat izan da”. 2011ko azken hilabeteetan, Gatazka Gunearen inguruko hausnarketa egin zuten bertan parte hartzen zuten taldeek, eta orduan hartu zuten ixteko erabakia. “Zaila izan zen, baina beharrezkoa”.
Horren ondorioz, trantsizio hilabeteak pasatu ditu DDTk. Corralesek azaldu duenez, “Gatazka eta DDT beti joan izan dira batera”. Orain, Gatazka itxita, “DDTk bere bidean jarraituko du”. Proiektua berriz aztertzen ari dira, “eztabaidatzen”. Izan ere, lokal berriarekin batera, jende berria sartu da kolektibora. Horrek “gauza berriak” egiteko aukera emango diela uste du Corralesek, betiere “lehengo ideiei” eutsiz.
DDTren webgunean, kolektiboko kideek adierazi zuten Gatazka Gunea itxita aldatu egin beharko zirela banaketa alternatiboaren oinarriak. Azken urteetan musika eta testuak Internetetik deskargatzeko joera nagusitu den arren, horrek “batez ere kulturaren industriari eragin dio”, haren irudiko. Lopezek uste du banaketa alternatiboaren gainbeherak ez duela zerikusi handirik eduki digitalen orokortzearekin. “Guk banaketa alternatiboa militantzia politikoaren esparruan kokatzen dugu. Krisia alde horretatik heldu da”.
Alde horretatik, Lopezek azaldu du duela zenbait urte “kolektibo asko” zebiltzala banaketa alternatiboaren arloan lan egiten, eta orain talde horietako gehienak jadanik ez direla existitzen. Gogora ekarri du kolektiboen artean “trukea” erabiltzen zutela. “Oso bizia zen gure mundua”.
Banaketa alternatiboak azken urteetan izandako eraldaketen artean, argitaletxe eta disko etxeen ugaritzea nabarmendu du Lopezek. Horrek, baina, arazo bat dakar berekin: “Argitaratu argitaratzen da, baina ez da banatzen. Materialen mugimendua desagertu da, eta horrek zure aukerak murriztea dakar”. Ondorioz, ekoizpen alternatiboen inguruko interesa ere txikitu daiteke, Lopezen ustez. “Azken batean, material hau soilik tankera honetako lekuetan ikus dezakegu, eta mugimendua eteten bada, beti eduki berberak izango ditugu ikusgai”.
Biek azpimarratu dute Bilbon badagoela lekurik liburu denda alternatibo batentzat, arazoak arazo. Dena den, Lopezek uste du horren faltan ere “posible” dela material politikoak banatzen jarraitzea: “Gure apustua da Bilbon talde alternatiboen materialak mugitzeko leku erreferentzial bat aurrera eramatea lan militantearen bitartez”.
Corralesen ustez, ostera, lokal berrian martxan jarriko den proiektua “desberdina” izango dela Gatazkan garatutakoarekin alderatuz gero. Haren ustez, lokal berrian egingo den lana ez da izango Gatazkan egiten zena bezain “zabala”. Lopezek gaineratu duenez, Martzana kaikoa, oraingoz, ez da denda bat izango: “Hasieran bulegoa, biltegia eta lantokia izango da”.
Aldaketa prozesuan ere, diskoak eta liburuak editatzen jarraitu dute, “erritmoa moteldu arren”. Otsail erdialdera hasi ziren material guztia lokal berrira mugitzen. Corralesek azaldu du: “Oso azkarra izan da dena; izan ere, hilabete gutxiren bueltan Gatazka hustu behar izan dugu eta hona etorri”.
Mobilizatu beharra
Egoera sozioekonomiko orokorrari dagokionez, krisialdiak gizarte mobilizazioaren gorakada ekarriko du, Lopezen irudiko, “iraupena ziurtatzeagatik baino ez bada ere”. Hala ere, nabarmendu du aurreko urteetan arrazoi ugari zeudela mobilizatzeko. “Krisiaren aurretik ere egoera oso txarra zen; esparru guztietan, gainera. Jendeak nahikoa zuen soldata jasotzearekin. Guk beti pentsatu dugu krisia beti egon dela gure artean eta sistema faltsua dela”.
Halaber, Lopezek azpimarratu du ikuspegi antiautoritarioa duten materialek “eskari nabarmena” dutela orain ere. “Neoliberalismo basatiaren garaian, material hauek zenbait jenderen interesa piztu dute. Azken garaietan, marxismoari buruzko liburuen salmenta asko igo da”. Dena den, argi eta garbi utzi nahi izan du denda arruntek eta DDTren moduko kolektiboek kultura saltzeko orduan duten jarreren arteko desberdintasuna. “Gurean, liburuak ez dira batere garestiak, baina bai, nabaritu da liburu komertzialak gero eta garestiagoak direla. Kapitalismoaren funtzionatzeko moduaren ondorio arrunta da”. Corralesek eman du gaur egun eduki kulturalek duten prezio garestiaren zergatia ulertzeko beste gako bat: “Bitartekari gehiegi daude. Guk mozkin tarterik txikiena ateratzen dugu liburu bakoitzetik; kolektibo bat gara, eta gara honetaz bizi. Kulturak ez du zertan garestia izan”.
Musikari dagokionez, Corralesek azpimarratu du azkenaldian formatuen arabera salmenten garapen ezberdina egon dela. “CD gutxiago saltzen dira, baina biniloak berriz ere gora egin du”. Arlo horretan, materialak euren kabuz sortzen saiatzen direla adierazi du Lopezek: “Prozesuaren urrats gehienak guk geuk egiten ditugu. Guztia egitea ezinezkoa da, binilo bat ateratzeko, punturen batean izan beharko duzulako harremanen bat petrolio findegi batekin. Hala ere, ekoizpena, maketazioa eta argitalpena guk egiten dugu”.
Garai zaharra behin betiko itxi eta berriari ongietorria emateko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte DDTko kideek asteburu honetarako. Gaur aurkeztuko dute lokal berria. Biharko, berriz, Gatazkaren Aldeko Eguna antolatu dute, egun osoko egitarauarekin. Liburu dendak ixtean utzi zituen zorrak kitatzeko dirua biltzea izango da helburuetako bat.