Kaleko kulturaren ordua

Kaleko kultura adierazpen artistikoen jaialdia da BreakOnStage. 11. ekitaldia izango da aurtengoa, eta berrikuntza nabarmen batekin dator. Bihar agertoki berria izango dute artistek: Bilbo Arena pabiloia. 20:30ean hasiko da ikuskizuna.

Orain arte Casilla pabiloian egiten zen, baina urteekin, nazioartean lortutako oihartzunari esker, geroz eta jende gehiagok parte hartu izan du. Hala, azkenerako txiki geratu da Indautxuko eraikina, eta kokaleku berriari esker parte hartzaile zein ikusle kopuru handiago bati erantzuteko moduan izango dira.

Gainera, antolatzaileek azaldu dutenez, Bilbo Arenak Casillak baino aukera eszeniko malguagoak eta dinamikoagoak eskaintzen ditu. Hala, orain arte eskaintzerik izan ez duten kaleko bestelako kultura adierazpenak izango dira bihar. Besteak beste, Dirt Jump delakoaz gozatuko dute ikusleek. Horretarako, zazpi metroko garaiera duen malda bat jarriko dute agertokian. Euskal herritar batek erabiliko du: Martxel Arribilaga nafarrak, hain zuzen. Ikuskizunen arteko tarteetan, bizikletariak zorabioa eragiteko moduko jauziak egingo ditu.

Jaialdiak hiru orduko iraupena izango du. Tartean mundu osotik etorritako hainbat artistaren ikuskizunak izango dira. Adibidez, Scott Maruquese AEBetako Atlanta hiritik dator. Popping deitzen diren roboten antzeko mugimenduak egiten iaioa da. Aurrenekoz izango da Europan, Dubset Show izeneko ikuskizunarekin. Bere lana Interneteko bideo bidez zabaltzen du, eta berri bat sareratu orduko 30 milioi bisita lortzen ditu.

Vagabond Crew, berriz, munduko breakdance txapelduna da une honetan, eta bihar Bilbon egingo du erakustaldia. Rapsusklei Zaragozako abeslariak egundoko hip hop kontzertua emango du. Abeslariak mundu osoko agertokietan batetik bestera igaro ditu azken urteak. Iragarri du Bilbora azken berrikuntzekin etorriko dela.

Parte hartzeko aukera

Artista ezagunekin batera, zaleek ere euren tartea izango dute. Horretarako antolatu dute aretoko breackdance lehiaketa. Paristik, Bruselatik, Madrildik eta Zaragozatik etorriko dira lehiakideak, besteak beste.

BREAKONSTAGE

Zer. Kaleko kultura adierazpen artistikoen jaialdia.

Non. Bilbo Arena pabiloian.

Noiz. Bihar, 20:30ean hasita.

Sarrera. Aldez aurretik, 10€; txarteldegian, 12€.