Jaurlaritzak ez du Erralde zabaltzeko baimenik eman

Itxaropen handirik gabe joan ziren Erraldeko ordezkariak Osasun Sailagaz eguaztenean zuten bilerara, baina han jasotako erantzuna espero baino hotzagoa izan zela azaldu du Mikel Ansotegi bertako presidenteak: Jaurlaritzak ezezko borobila eman dio hiltegia berriz zabaltzeko eskaerari.

“Jakinarazi diegu hiltegia egoera onean jarri dugula eta funtzionatzeko moduan dagoela. Beharginak behar bezala kokatuta gurutzatzerik ez dela gertatuko deritzogu”, azaldu du Ansotegik hiltegiak duen U itxurari aipamen eginez. Baina “oso jarrera itxia” izan dutela iruditzen zaio. “Bisita bat egiteko proposamena egin diegu, instalazioak zelan dauden ikus dezaten, baina bisitarik ez dute onartu, eta egin ditugun aldaketak ikusi ere egin gabe esan digute ez dutela berriz zabalduko hiltegia”, adierazi du.

Irtenbide bakarra hilketa linea aldatzea izango litzateke: U linea kendu eta linea zuzena jarri. “Irtenbide hori, ordea, oso zaila da”, adierazi du Ansotegik. Hala ere, iragarri du alternatibak aztertuko dituztela.

Erraldeko administrazio kontseiluko hiru kide, teknikari bi eta beharginen ordezkari bat joan ziren Gasteizko batzarrera. Jaurlaritzaren aldetik, Osasun Publikoko zuzendari Mertxe Estebanez eta hiru teknikari egon ziren.

Ansotegik salatu du Osasun Sailak, Erralde itxita, beste alternatibarik ez duela planteatu sektoreko ganaduzaleei zerbitzu hori eskaintzeko. “Sektorea oso larri uzten du horrek. Ganaduzaleak astean ehun euro gehiago ordaintzen ari dira euren ganadua hiltzeko, Oñatira edo Zestoara eraman behar dutelako”.

Beraz, Berrizko hiltegi berriaren proiektuari bultzada bat emateak berebiziko garrantzia daukala deritzo. Bazkide berriak ere behar dituzte. Lurrak erosita daude, lizentziak eta baimenak badauzkate, eta zein ente klase eratu behar duten aztertzen ari dira. “Premiazkoa da hau. Udalei, Jaurlaritzari eta aldundiari dei egiten diegu arazo honi irtenbidea emateko”, esan du, eta erantzukizuna argitzeko eskatu. Gainera, gogorarazi du hamabost langile kalean geratu direla.

Bizkaiko EHNE sindikatuaren babesa izan du Erraldek denbora guztian. Asteazkenean, zuzendaritza eta Osasun Saileko ordezkariak batzartuta egon ziren bitartean, kanpoaldean elkarretaratzea egin zuten sindikatuko kideek. Zuzendaritzak bezala, hiltegi horren ereduaren kontrako erasotzat jo du EHNE Bizkaiak instalazioak ixteko erabakia. Elikadura subiranotasunaren aurkako jarrera egotzi dio Osasun Sailari. Horrez gain, larri deritzote Bizkaiko ganaduzaleek lurraldetik kanpora joan behar izateari animaliak hiltzera.

Urtarrilaren 14an itxi zituen Eusko Jaurlaritzak Durangoko instalazioak, eta gaur egun ere itxita daude.