Izanaren izenean

Izena eta izana bihotz bakarreko siamdarrak ei dira. Ezin bata bestea barik bizi, ezin bata bestea barik izan. Aspaldiko kontua dugu, ez pentsa: izena duen guztia omen da dio esaera zaharrak, hizkuntza delako pentsamenduaren euskarria, hizkuntza delako identifikatzen gaituena, haur jaio berriekin gertatzen den modura: zelan dauka izena?

Gaur egungo joerei erreparatuz gero ere, sarean izenik ez duena ez ei da existitu ere egiten. Merkatuari begira ere, enpresetako berritasun-plan guztien arabera, argi eta garbi dago: izenaren bidez besteengatik bereiztea ezinbesteko baldintza da, izena marka bat da, eta marka horren barruan biltzen dira salgai dagoen produktua, produktu horrekin loturiko balore eta ezaugarriak zein produktuaren sortzailea, hots, enpresa.

Beraz, itxura guztien arabera, izena = izana binomioak banaezina dirudi, mendeak mende, sasoiak sasoi, joerak joera, pentsamenduak pentsamendu eta patroiak patroi.

Saia gaitezen, baina, binomio horren zatiak banan-banan aztertzen.

Batetik, izen berba daukagu, hizkuntzalarien arabera, izaki, gauza edo haien multzo bat adierazteko erabiltzen den hitza. Erabilpenari dagokionez, hiru multzotan banatzen da. Bat, pertsonak izendatzeko erabiltzen den multzoa. Bi, lekuak izendatzeko erabiltzen dena. Eta hiru, animaliak eta landareak izendatzeko erabiltzen duguna. Izen guztiak ez direnez mota berekoak, hor ditugu izen bereziak eta arruntak, zenbakarriak eta zenbakaitzak, bakunak edo elkartuak…

Izan berbari heltzen badiogu, ostera, zer esanahi aurkituko dugu? Izan: naturan aurkitzen den edozerk edo edonork gauzatzeko duen modua.

Bi berbok konparatzen baditugu, zein izango litzateke, lehenengoa? Ea, esan dugu, izen berbak izaki, gauza edo haien multzo bat adierazteko balio duela. Izan berba, berriz, zera dela, naturan aurkitzen den edozerk edo edonork gauzatzeko duen modua. Ondorioz, izan litzateke aurrenekoa, gauzatzea bera adierazten duelako, eta izen, aldiz, ondorengoa, gauzatze hori bereizteko erabiltzen dugulako.

Zer gertatzen da, baina, ordena alderantziz jartzen denean, hau da, aurrena izen bat asmatu eta ondoren izen berri horrentzat izan bat, izate bat, asmatzen dugunean? Ba, binomioak berdin-berdin funtzionatzen duela. Begiratu, bestela, sormenarekin zerikusia duen edozein diziplina.

Gauzak honela, eta behin honaino iritsita, galdetuko duzue, zertarako hainbeste hausnarketa?

Ba, labur-labur azalduko dizuet mezu nagusia. Krisialdiak diruak behar diren gauzetan erabiltzera bideratzen gaituen modura, zergatik ez gauza bera egin hitzekin?

Imajinatu, hemendik aurrera, izate zehatz batekin identifikatzea nahi duzula. Zer izen jarriko zenioke zeure buruari?

Jolas bat baino ez da, joko sinple bat, burrundara zorabiatzaile artean, zeure burua berrasmatu eta berrizendatzeko, zeure gustuko izanaren izenean.