“Herritarrentzat onena egin behar da, eta ez herriarentzat”

Ez da Olentzero, baina jendeak gauzak eskatzen dizkio. Josu San Pedro (1971, Orozko)Adie talde independentearen ordezkaria da; Orozkoko alkatea. Ikasketaz biologoa bada ere, orain arte fabrikan egin du lan; “biologiak eskaintzen dituen lanpostuen eskuliburuak ez du orririk”. Egun, Orozkoko Udala du lantegi. Eta, “herritarrak lankide”. Lau urteetarako helburu bakarra dauka: “bizilagunak gogobetetzea”.

Pertsona irekia dela dio San Pedrok. Horrek, ordea, zauriak ere zabaldu dizkio: “Kalean ezinezkoa zait familiarekin bakarrik egotea, denbora librea galdu egiten duzu… Alkate izateari ez diozu minutu batez ere uzten. Udaletik atera, eta herritarrek ez dute bereizten noiz ari zaren lanean eta noiz ez”. Denbora duenean txakurrekin mendira joatea gustatzen zaio. Edo, Athleticzalea izaki, partida etxetik ikustea.

Alkatetzara herritarrenganako hurbiltasunagatik heldu dela pentsatzen du. Gardentasun faltan kokatzen du Adieren jaiotza: “Hainbat elkartetako kideak bildu, eta sortu genuen Adie, gauzak beste modu batera egin zitezkeela pentsatzen genuelako”. Hauteskundeen aurretik, auzoz auzo, bizilagunen kezkak eta arazoak biltzen ibili ziren, udalean aintzat hartu eta irtenbideak bilatzeko. Auzoetako biltzar horietan jasotako babes zabalagatik erabaki zuten taldea hauteskundeetara aurkeztea. “Jendearen harrera ikusita, sustoa eman genezakeela pentsatu genuen; irabaztea ez zen ezusteko bat izan”, dio.

Gizartea politikarekin nekatu izanari zor zaio talde independenteak ugaritzearen joera, San Pedroren iritziz: “Herritarren kezkak eta beharrak aintzat hartuak izateko eta herritarren ordezkariak udaletan egoteko osatu dira herrietan hainbeste talde independente”. Gobernatzeko ez dela ideologia politikorik behar iruditzen zaio, “akatsa da hori”. Udalean agintzeko metodorik onena garbi du: orozkoarren iritzia. “Herriarentzat ez, herritarrentzako onena dena begiratu behar da. Berdin du zein ideia politikotik datorren”.

“Utzikeria handiarekin” aurkitu du udala. Horren adibide da herritarrek udalari 200.000 euro zor izatea, 2002tik ez baitira zenbait zerga kobratu. “Aurreko gobernu taldeak ez du hainbat zergatako dirua eskatu, bizilagunekin gatazkak izateko beldurrez. Zorrei heltzea ez da ordaintzen ez dutenei egurra ematea, egin dutenekiko justizia egitea baizik. Ez baditugu kontuak argitzen, ordaindu dutenekin izango ditugu arazoak”, azaldu du San Pedrok.

Oposizioa, arazo

Oposizioaren jarreragatik, urteko balantzea negatibo hitzarekin laburtzen du alkateak: “Guztion artean lan egin genezakeela uste nuen, baina EAJ eta Bilduren interesa Adieri min egitea da. Egoera muturreraino ari dira eramaten Orozkon”. Haatik, alderdiei proiektuen defentsa baino erasoaren taktika erabiltzea egotzi die: “Batzordeetara ez dira gaiak lantzera etortzen; udalbatzetan nondik eraso egin diezaguketen prestatu baino ez dute egiten”.

2012ko aurrekontuak “parte hartzaileak” izatea xede, eskaerak egiteko epe bat eman zieten auzokide zein kolektiboei. Ekarpenak lehentasunaren arabera ordenatu dituzte, eta aurrekontuetan txertatu. Alabaina, oraindik onartu gabe daudela eta, ezin izan dituzte proiektuak abiatu. “Ekarpen gehienak hirigintzari dagozkionak dira, eta ez daukagu dirurik”.

Eskaerei ezetz esatea baietza ematea bezain garrantzitsutzat du Adieko kideak. “Oso garrantzitsua da, ekarpena baztertzekotan, jendeari zergatia azaltzea, gauza onak eta txarrak azaleratu behar dira, herritarrek errealitatea uler dezaten”.

Datozen hilabeteetan ikastetxea konpontzeari, herriko plaza oinezkoen gune bilakatzeari eta Urigoiti auzoa urbanizatzeari emango diote lehentasuna. Zabortegi ilegalak kontrolatzea ere ezinbestekotzat jo du San Pedrok: “Jendeak etxeko komuna berritzean edozein bidezidorretan botatzen du sobera duen materiala. Ibaiertzetan edo baso bideetan zabortegiak sortu dituzte”.

Era berean, hainbat batzorde osatzeko asmoa iragarri du: “Euskara Batzordea izango da lehenengoa. Udalean landu beharreko gaiak proposatu eta erabakitzea eskatuko zaie”. Beste arloekin ere gauza bera egitea gustatuko litzaioke. “Herri txikietan lan handia dago, baliabideak defizitean ditugu eta. Orozkon 18 kultur talde daude, eta ez dago kultura teknikari edo langilerik”.

Herritarren parte hartzeak agintzea gustatuko litzaioke San Pedrori. Horren erakusle da Larragorri mendian eraiki nahi duten parke eolikoarekiko udalaren jarrera erabakitzeko ekainean antolatu zuten erreferenduma. Orozkoarren %30ek parte hartu zuten, eta %85 proiektuaren kontra agertu ziren. “Orozkoren geroan eragin dezakeen edozein proiektu polemikoaren inguruan herritarren iritziaren alde egingo dugu, nahiz eta Adiek, talde gisa, ezberdin pentsatu”, azaldu du.

Hurrengo alkateari udala “atzeratutako arazorik gabe” uztea gustatuko litzaioke. Bien bitartean, Olentzerok bezala jarraituko du: eskaerak jaso eta ahal duena egiten.