Gernika-Lumo eta Bizkaiko beste zenbait herri bonbardatu zituztenetik 75 urte beteko dira aurten. Hala, hainbat dira urteurren borobila gogoratzeko hango eta hemengo erakundeek antolatu dituzten ekitaldiak. Alabaina, ekitaldi ofizialetatik harantzago joanda eta “memoria, transmisioa eta etorkizun libreari bideak zabaltzea” helburu hartuta, parte hartzean oinarritutako egitarau zabala prestatu du Gernika 2012 elkarteak. Gernika-Lumo “Euskal Herriko erabakitze eskubidearen aldeko hiriburua eta bozgorailua” izatea nahi dute atzo hasitako jardueren bitartez.
Euskal Herrian hasi den “ziklo politiko berria” aintzat hartuta, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena “une historiko honi bultzada emateko” baliatu nahi izan du Gernika 2012 elkarteak. Askatasuna, bakea… Autodeterminazioa lelopean, bada, mahai inguruak, ikus-entzunezkoak, antzezlanak, kontzertuak, omenaldiak, eta bestelakoak izango dira egunotan Euskal Herriko herririk sinbolikoenean, “kultur egitarau indartsua” antolatu baitute, Sabin Ibazeta Gernika 2012 elkarteko kideak azaldu duenez.
Errautsetatik “berpiztu”
Bihar bertan egingo dute ekitaldirik garrantzitsuenetariko bat, historiari begiratu bat ematen dion Hemen gaude antzezlanaren bitartez. Ibazetaren esanetan, “urteurren hau Nafarroako konkistaren V. mendeurrenarekin lotzen dugu, gertaera biek helburu bera izan baitzuten: biak izan ziren herri baten izateko eskubidearen kontrako sarraskiak”. Oztopo guztien gainetik, baina, “errautsetatik berpiztu” direla adieraziko eta aldarrikatuko dute bihar 18:00etan Jai Alai frontoian egingo duten ekitaldi horretan.
Hari beretik, Estaturik gabeko nazioak eta erabakitze eskubidea izeneko mahai ingurua egingo dute apirilaren 25ean, Eskoziako, Flandriako, Kataluniako eta Euskal Herriko ordezkarien parte hartzearekin. Horretaz guztiaz gain, urtero bezala, hilaren 26an, herriko kaleak zeharkatuko dituzte manifestazio isil bat eginez, kandelak eskuetan, biktimak gogoratuz.