Gueñesko Lasier, Lanbarri eta Sologutxi auzoetako herritarrek Done Jurgiren omenezko erromeria ospatuko dute bihar. Duela bi urte berreskuratu zuten jai hori, 40 urtean bertan behera utzita egon ostean. Aurten, berrikuntza modura, bi eguneko egitaraua prestatu dute. Izan ere, gaur arratsalde partean Enkarterriko musika taldeen lehiaketa egingo da.
Biharko, berriz, egun osorako antolatu dituzte ekitaldiak. Goizean, adibidez, txupinazoa, kalejira, umeentzako jolasak, putxera erakustaldia, Done Jurgiren omenezko meza eta euskal dantza tradizionalen alardea izango dira baselizan eta inguruetako landetan. Goiz partea behar bezala bukatzeko, 15:00etarako herri bazkaria antolatu dute. Erreka hotelean egingo da otordua, eta menuaren oinarria putxerak izango dira.
Arratsaldean lehiaketen txanda izango da: 17:00etan mus txapelketa jokatu da eta 18:00etan umeen playback-a. Gauez, berriz, Duo Rolez Show taldearen umore emanaldiak eta dantzaldiak girotuko dituzte festa eguneko azken orduak.
ERROMERIA EGUNA
Noiz. Bihar, larunbata.
Non. Gueñesen, Lasier, Lanbarri eta Sologutxi auzoetan.