Argindarraren kontsumoa %30 aurreztuko du aurrerantzean Portugaleteko Aspaldiko zaharren egoitzak, ezpalen energiari esker. Erregai fosilen ordez, alternatiba ekologikoarekin bat egin dute egoitza horretan. Horretarako, megawatt bateko potentzia duen instalazioa inauguratu zuten eguaztenean.
Urtean 450 tona ezpal inguru beharko ditu Biotermiak enpresak martxan jarri duen instalazio berriak. Horri esker, enpresak berak egindako kalkuluen arabera, urtean 520 tona karbono dioxido gutxiago isuriko dituzte atmosferara egoitza horretako energia kontsumoan. Horrez gain, gogora ekarri dute ezpalak kontsumituko diren lekutik gertuko basoetan eskuratzen direla.
Egoitzan, orain arte, gasa erabiltzen zuten berogailuetarako eta ur beroa lortzeko. Instalazio berriak 500 kilowatteko bina galdara ditu.
Laster, etxebizitzetan
Abian dago etxebizitzetan energia sistema hori ezartzeko proiektu bat ere. Hain zuzen, Getxon jarriko dute martxan. Berokuntza eta ur beroa baso biomasa erabilita lortuko dituen lehenengo etxebizitza multzoa izango da Getxokoa.