Xake maisuaren bila

Xake txapelketa

Zornotza

Taktika, estrategia eta logika ezinbesteko ezaugarriak dira xakean jokatzeko orduan; eta hiru elementu horiek beharko dituzte Zornotzan lehiatuko diren 24 kideek. Izan ere, domeka honetan jakingo da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurtengo xake txapeldunaren izena.

Xake Txapelketa Absolutuak 27. aldia du aurten. Astelehenean hasi zen, eta, aste guztia lehian ibili ondoren, etzi bukatuko da. Irabazleak 800 euroko saria lortuko du, eta Espainiako txapelketan zuzenean parte hartzeko aukera.

Lehian daudenek isiltasuna eta lasaitasuna eskertuko dituzte, baina edozein pertsona joan daiteke protagonistak ikustera Zelaieta zentroan. Gaur eta bihar, 16:00etan izango dira bosgarren eta seigarren txandak. Finala, berriz, etzi hasiko da, 09:30ean. Zornotzara joaterik ez duenak herriko xake klubaren webgunearen bidez ikus dezake txapelketa, zuzenean. Norgehiagokarekin batera, xakearen inguruko erakusketa bat egongo da. Han, hastapenetatik gaur arteko historia ageri da, xakearentzat garrantzitsuak izan diren une gogoangarriekin.

Maila ona

Zornotzan lehiatuko direnen artean maila ona dagoela antzeman daiteke. Horren adierazgarri da nazioartean ezagunak diren hainbat xakelarik parte hartuko dutela. Egungo txapeldun Santiago Gonzalez donostiarra da Bizkaiko udalerri horretan egongo diren xake maisuetako bat. Mario Gomezek ere parte hartuko du —2000. eta 2009. urteetan nagusitu zen—, eta Alejandro Francok ere ez du hutsik egingo —2008an eta 2010ean garaile izan zen—. Iñigo Martin gipuzkoarra, David Astasio arabarra eta Patrice Etxegarai lapurtarra ere txapelketa irabazten ahaleginduko dira.

Hainbat lurraldetako jokalariez gain, herriak ere izango du ordezkaritza. Izan ere, Zornotzako Luis Javier Ariasek, David Diezek eta Martin Albok lehiaketan parte hartu dute. Orain, taktika, estrategia eta logika modu onean lotzea falta zaie guztiei, ezaugarriok egokien uztartzen dituena bihurtuko baita Xake Txapelketa Absolutuko garaile, eta aurtengo xake maisu.