Bata bestearen atzetik ilaran jarriz gero, hogei kilometroko lerroa osatuko lukete Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoak gordetzen dituen dokumentuek. Ez alferrik, XVI. mende bukaeratik gaur egun arte Bizkaian sortu diren agiri garrantzitsuenak gordetzen ditu bere apalategietan, herrialde historikoan urteen joan- etorriak eragin dituen gertaeren lekuko.
Papera nagusi den arren, material grafikoa —argazkiak, irudiak, grabatuak, planoak, mapak…— eta musika ere iristen zaizkie —partiturak eta soinu grabazioak—. Hala, aspaldi desagertutako enpresa garrantzitsuen agiriekin batera —adibidez, Sota-Aznar, Union de Credito Minero eta Ybarra Hermano y Cia enpresenak—, Bilboko Gaston y Daniela denda historikoko oihalen laginak ere aurki daitezke.
1983an sortu zen Foru Agiritegi Historikoa, eta egun Maria Diaz de Haro kalean du egoitza, Bilbon. Bost solairutan banatutako gordailu eta apalategietan Bizkaiko jaurerriaren, Bizkaiko Batzar Nagusien, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bizkaiko Diputazioaren eta Bizkaiko udalen agiriak daude. Adibidez, udal agiriei dagokienez, udal guztiek sortutako agirien erdiak Bilboko Udalarenak dira. Agiri kopuru bertsua bildu dute lurralde historikoak izan dituen erakunde orokorrek, denek batera. Eta epaitegietakoak ere ez dira falta.
Halako agirien erabilerari dagokionez, Aingeru Zabala foru agirizainak honako hau dio: “Epaitegietako dokumentuek informazio handia ematen digute. Adibidez, garai jakin batean zer- nolako delituak egiten ziren jakiteko balio dezakete. Baina baita bestelako ezagutzak eskuratzeko. Kasurako, epaiak irakurrita XVIII. mendean zer irain erabiltzen zituzten jakin dezakegu, bizkaitar batek beste bat salatu zuelako irainduta sentitu zelako”.
Baina agiri publiko hauekin batera, agiri pribatuek berebiziko garrantzia daukate; direla familiek mende luzez gorde dituztenak, direla Bizkaiko enpresa garrantzitsuenak. Hain zuzen ere, azken urteetan agiri pribatu hauekin ari dira, bereziki, agiritegia aberasten. “EHUko historialariengana jo genuen, eta Bizkaiko zein enpresaren agiriak gordetzeak merezi duen galdetu genien. Zerrenda bat osatu ziguten eta geu gabiltza enpresaz enpresa agiri eske”, azaldu du. Halere, behar gehien ematen dietenak ere badirela aitortu du. “Enpresek ez dute agiriak gordetzeko ohiturarik, ez behar den moduan, behintzat. Familietatik jasotzen ditugunak, ordea, txukun egoten dira; askotan klasifikatuta ere bai, karpetetan gordeta”.
Hiru urratseko prozesua
Edozelan ere, agiri guztiek agiritegira sartzen direnetik prozesu berbera jarraitzen dute. Aurrena bigarren solairuan izaten dituzte, egokitze edo konpontze lanak egiteko. “Batzuetan zomorroz beteta ere etortzen dira”, dio Zabalak. Klasifikatu eta informatizatu egiten dira agiriok, gerora dokumentu hori non dagoen jakiteko. “Dena dugu lokalizatuta, zein solairutan eta zein apaletan dagoen”, dio Zabalak. Behin lehen klasifikazio hori egin ostean, ondo irakurri behar dira, zer dioten jakin, hirugarren urrats batean katalogatu ahal izateko. Irakurketa hori da beharrik zailena.
Historialariak arduratzen dira horretaz. Sasoiaren arabera, gehiago edo gutxiago izaten ditu Foru Agiritegi Historikoak kontratupean. “Gehien izaten dugunean, 40 inguru izaten dira”. Orri guztiak irakurri behar dituzte, baina denborarik galdu gabe. “Historialariak dira; irakurritakoa baino gehiago jakin gura izatea normala da. Baina historialari direla ahaztu eta irakurri baino ez dute egin behar, gero behar bezala katalogatzeko”.
XVII. mendean, kasurako, sei letra idazteko orri osoa erabiltzen zutela dio; baina beste sasoi batzuetan orriko ordaintzen zenez, den-dena ahalik eta espazio txikiena betez kontatzen ahalegintzen ziren, “ia telegrama estiloan idatziz”. Hala, zailtasunak ez dira gutxi, baita letra ulertzeko ere.
Ondorengo urratsa, katalogazioa: “Dokumentuaren nortasun agiria egitea”. Hori zenbat eta hobeto egin, agirien artean informazio bila datozen ikertzaileek errazago aurkituko dituzte. Katalogatze lana ondo egin ezean, posible da dena delako gai horretaz hitz egiten duten agirien ehuneko txiki bat baino ez aurkitzea, eta hala informazio asko galduko luke.
Gaur egun Foru Agiritegi Historikoak dituen agirien %80 inguru daude katalogatuta. Hein handi batean, etengabe agiri berriak sartzen ibiltzeak eragozten du dena katalogatuta edukitzea. Honen harira, gainera, Zabalak eurek hartu duten erabaki baten berri eman du. Hark dioenez, katalogatze prozesua behin eta berriz hasteko ohitura dago agiritegi askotan. “Guk dena behin katalogatzeko erabakia hartu genuen, gutxienez zer dugun jakiteko, eta beharrezkoa bada gero hasiko gara hasieratik berriz”, argudiatu du erabakia.
Agiritegian kontsulta egiteko ez da ezinbestean ikerlari izan behar. Nortasun agiria erakutsita edonork izango du bilaketa egiteko aukera. Egun, dena informatizatuta dagoenez, bilaketa horiek askoz errazagoak eta eraginkorragoak direla dio Zabalak. Dena den, askotan dokumentu gehiegi izatea ere ez dela komenigarria dio, barrez: “Hogei orri baino ez baditut aurkitu, nekez egingo dut taxuzko ikerketarik. Baina 40.000 aurkituz gero ere, ez naiz, ba, denak irakurtzen hasiko!”.
Edonola ere, badira eskuragarri ez dauden agiriak. “Zaharrenei kalte ez egiteko, originalaren ordez transkripzio bat uzten da”. Gainera, legez babestuta dauden agiriak ere badirela dio: “Adibidez, XIX. mendeko adopzioen dokumentuak ezin dira erakutsi”.
Astelehenetik barikura goiz eta arratsaldez egoten da irekita. “Normalean, agiritegiak goizez baino ez dituzte zabaltzen, baina ikerlarien lana errazteko, batez ere kanpotik datozenena, arratsaldez ere zerbitzua eskaintzea erabaki genuen”. Atzerritarrei dagokienez, Frantziatik etortzen dira gehienak. Zapatu goizetan ere joan daiteke. Aste normaletan, batez beste, 20 lagun inguru igarotzen dira agiritegitik.