“Orain arte, inoiz ez da langabeziarik egon Lezaman”

Harro sentitzeko arrazoia da Alaitz Etxeandiarentzat maite duzun herriko alkate izatea: “Herritarrek zugan konfiantza dutela esan nahi du, eta polita da hori”. Aspalditik ezagutzen du udaletxeko lana, gaztetatik hasi baitzen zinegotzi lanetan, 23 urte zituela hain zuzen, eta alkate gisa diharduen bigarren agintaldia da oraingo hau. “Zinegotzi moduan udaleko giroa usaindu nuen, baina orain bete-betean ezagutu dut: zelan funtzionatzen duen, betebeharrak zein diren, oztopoak…”. Hala ere, udaletxeko balkoira ateratzen denean herritar baten begirada berarekin so egiten duela aitortu du: “Jaio, hazi eta bizi naizen lekua da Lezama”.

Alkate lanetan gustura dabilen arren, azken urteetan oso arduratuta dagoela aitortu du Etxeandiak, krisi ekonomikoaren ondorioek herriko egunerokotasunean ere eragin handia izan baitute. “Orain arte, inoiz ez da langabeziarik egon Lezaman, baina bi urtetik hona kalean nabaritzen dut krisia”.

Herri txikietan ohikoa den legez, arazo handiak elkarlanean konpontzeko hautua egin dute Txorierrin ere, eta Etxeandia ziur dago eskualde mailan egoera sozioekonomikoa suspertzeko ahaleginak egin daitezkeela. “2016ra arteko plan estrategikoaren plangintza egiten ari gara mankomunitatean, sektore guztiak bultzatzeko asmoz; sektore publikoa eta nekazaritza, adibidez”.

Beste arazo asko ere udalerrien artean kudeatzea ezinbestekotzat jo du Etxeandiak: “Hori da herri handi eta txikien arteko aldea; guk ahal duguna egiten dugu aurrekontu txikiarekin, egoera ekonomiko kaskarrari txispak ateratzeko”. Adibidez, Lezaman kiroldegia egiteko dirurik ez dagoela azaldu du, eta inguruetako herrietara joan behar izaten dute herritarrek kirola egitera. Hala ere, udalak ez du utzi arazoa alde batera: “Diru laguntza eskaintzen dugu sarrera merkeagoa eskura dezaten”.

Gazteentzat, aukera ugari

Badira beste kontu batzuk udalak bakarrik kudeatu eta finantzatu dituenak; hala, azken urteetan gazteei begira eginiko lanketa jarri du alkateak adibide gisa. Izan ere, gazteriaren aisialdia udalaren kezka nagusietako bat dela dio: “18 urte arte herrian gelditzen dira, baina zer zuten Lezaman egiteko?”. Arazoa jadanik bideratuta dagoela azaldu du. Lehenengo eta behin, hiru multzotan sailkatu zituzten gazteak, adinaren araberako taldeetan. Ludoteka moldatu dute txikienentzat, monitore batek dinamizatzen duen Gazte Gunea ume nagusiagoentzat, eta Gazte Lekua gazteentzat. Etxeandiak aitortu du azken espazio hori ez dela guztiz autogestionatua, baina gazteei denbora librea kudeatzeko aukera ematen diela esan du.

Horrela, gazteekin, euskararekin eta kulturarekin hirukia sortu dutela azpimarratu du alkateak, hiru espaziotan antolaturiko ekintza denak euskaraz egiten baitira. “Herri euskalduna gara, baina kosta egiten zaio hizkuntzari kalera irtetea”.

Horrez gain, kanpainako asmoak betetzea da Etxeandiaren helburu nagusia. “Egoera ekonomiko ilunaz jakitun ginela, programa errealista idatzi genuen, diru inbertsio handiak behar dituen proiektu gabekoa”. Egoerak onera egingo duela sinesten du alkateak. “Baina, gutxinaka suspertuz joango den arren, ez gara inoiz lehengo oparotasun garaietara itzuliko”, aitortu du.

Bestalde, herritarrenganako harremanak “naturalak” direla badio ere, baserrietan sakabanaturik bizi direnek udala urrun ikusten dutela onartu du Etxeandiak. “Kezka ezberdinak dituzte, eta osteratxoak egiteko ohitura hartu dugu, zelan dauden, zer behar duten jakiteko, antzina udaletan egiten zen legez”.

LZPa hizpide

Txorierrin, eta Lezaman zehazki, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Lurralde Zatikako Planaren aurkako mugimendua loratu da azken urteetan, eta horren aurkako kartelak ikus daitezke herrian. Plan orokorrerako izapideetan ari da udala orain, eta LZParen aginduei jarraiki, 58 lur hektarea industrialdeetarako erreserba izendatuko dira. Etxeandia planaren alde azaldu da, haren alderdia legez. “Bizkai osoko errealitatea azterturik ezartzen dizkie herriei betebeharrak”, dio. Horrela, azaldu du LZPak agindutako gutxienekoak besterik ez dutela beteko, eta gaineratu du lurrak, oraingoz, industrialdeetarako baino ez direla erreserbatu. “Larrabetzu eta Zamudiorekin muga egiten duten eremuak hautatu ditugu, herria liberatzeko”.

Era berean, orain hilabete gutxi arte Etxeandiaren aurka oposizioko alderdiek zein herritarrek agertutako kexak gezurtatu ditu alkateak, eta bere “izen onaren aurkako jokaldia” izan zela azaldu du. Izan ere, leporatu ziotenez, Etxeandiaren familiaren jabegoko lur eremuak birkalifikatu zituen udalak, eta eraikuntza enpresa batek erosi zizkien gero. Fiskaltza akusazioa ikertzen aritu zen, baina, Etxeandiaren arabera, hedabideetan izan zuen oihartzuna “interesatua” izan zen.