Herri ekimeneko euskal hedabideen erronkak

Zentzu hertsian publikoak ez izan arren, funtzio sozial agerikoa daukagula gogorarazi gura dugu euskal hedabideok, “bai euskeraren garapenean daukagun zeregin funtsezkoagatik, bai euskal hiztunen komunitatearen barruan komunikazioa lantzeak eta jorratzeak suposatzen duenagatik”.

Azken 25 urteetan, batez ere hezkuntza dela eta, pauso handia eman da euskararen ezagutzearen eremuan, horretan ez da zalantzarik. Erabileran, aldiz, hizkuntzaren osasuna adierazten duen neurgailurik zehatzenean, zailtasun handiak daude. Eta gurea bezalako gizarte moderno batean nekez egingo dira pausoak hedabide sare indartsurik ezean.

Azken finean, hiztun komunitate guztiek daukate mundua beraien hizkuntzan ikusteko eta kontatzeko premia, eta euskal hedabideok giltzarri den zeregin horren muinean gaude. Euskaraz ez badugu egiten, beste hiztun komunitate batzuek egingo dute gure ordez, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez.

Sektorearen pisu sozial eta kulturalagaz batera, ekonomikoa ere ekarri gura dugu gogora: euskarazko hedabideen lana 450.000 lagunengana heltzen da, eta, horretarako, 600 langile baino gehiago dabiltza beharrean 100dik gora hedabidetan.

Guztira 27 milioi eurotik gorako aurrekontua mugitzen dugu urtean, eta zazpi milioi eurotik gorako ekarpena egiten dugu diru publikoetara, gizarte segurantza eta zergen bidez. Ikuspuntu horretatik ere, gure jardunaren garrantzia azpimarratu eta kontuan hartua izan dadin eskatzen du sektoreak.

Ezaguna da Informazio eta Komunikazio Teknologien hedapenak zelako krisi sakona ekarri duen mundu osoan komunikazioaren sektorera, eta 2008az geroztik bizi dugun krisi ekonomikoak aurreko hori gehitu besterik ez duela egin. Mundu mailan zein gure artean ere, agerikoak dira ondorioak; gogoratu besterik ez dago azken bi urteotan bidean geratu diren euskarazko komunikazio proiektuak: Ttipi-Ttapa Telebista, Geu Gasteiz, Txaparro, Esan -Erran Irratia, Nabarra

Aldi berean, azpimarratzekoa da euskal hedabideok inguruko beste hizkuntza handietakoak baino hobeto egiten ari gatzaizkiola aurre krisiari. Azken finean, ohituta gaude krisi betean aritzera, eta ondo baino hobeto dakigu belar motzean ibiltzea zer den.

Kontuak kontu, euskal hedabideok azpimarratu gura dugu testuinguru zail horretan etorkizunari buruzko gogoeta estrategikoa elkarrekin egiteko ahalegina, eta eskertu Gipuzkoa Berritzen-Innobasquek gogoeta horretan laguntzeko erakutsitako prestasuna. Elkarlan horren emaitza hedabideak sinatu dugun dokumentua da. Agiriak sektorearen gaur egungo argazki zehatza aurkezten du, eta, horretan oinarrituta, aurrera begirako erronka nagusiak proposatzen ditu. Erronka horriek honela laburbildu litezke:

—Negozio eredua eta lan baldintzak. Hedabideok inbersio handiak egin behar ditugu (eta egiten ari gara), batetik, teknologiak eragindako negozio ereduaren aldaketari aurre egiteko, eta, bestetik, bertan diharduen langileen lan baldintzak hobetzeko.

—Salmenta, kalitatea eta lehiakortasuna. Atzean ez geratzeko eta bezeroari merezi duen zerbitzua eta produktuak eskaintzeko, euskal hedabideok ekoizten ditugun produktuen kalitatea eta kudeaketa ere hobetu behar ditugu. Gaur egungo produktuak estimatzen badira ere, salmentan eta merkatu mekanismoen ezagutzan asko sakondu behar dugu oraindik.

—Hausnarketa eta ikerketa. Etengabeko berrikuntzaren aroan, ikerketa eta hausnarketa ere ezin ditugu ahaztu: euskarazko hedabideak zer garen, zer helburu bete behar dugun, zelakoak garen eta izan behar dugun, audientziak, kanpoko esperientzietatik ikastea eta, helburuak betetzen doazen neurrian, beste hizkuntzetan aplikatzeko moduko esperientzia eta produktuak esportatzea.

Hori dena garatzeko, hedabideen behatoki baten beharra argi ikusten dugu.

—Elkarlana: Sasoi latzei bakarka baino taldean hobeto egiten zaie aurre, eta alde horretatik badugu zer landu, hedabideok geure artean zein instituzioekin batera.

Sektoreko kideok onartzen dugu elkarren lehiakide garela hainbat eta hainbat kasutan, baina elkarrekin ere jardun dezakegula guztion onurarako; kooperatibitatea landu behar dugula, alegia.

—Erakundeen laguntza politika. Deialdien sistematik hitzarmen ereduetara joatea ezinbesteko ikusten dugu. Beharrezkoa da erakundeak laguntza politika egokitzea eta sektorearen inbersioak eta garapena sustatzea.

Laburbilduz, herri ekimeneko euskal hedabideon ustez garaia da erronka horiei sendotasunez heltzeko, eta beste molde eta bide batzuk jorratzeko, irudimena landuz, gogotik arituz eta batez ere elkarlanean, hedabideon artean, zein erakunde publikoekin eta jentartearekin berarekin.

Aurkeztutako lan hau, bide baten amaiera ez, baizik bide luze baten hasiera dela azpimarratu gura dugu.

Dokumentua sinatzeagaz, herri ekimeneko euskal hedabideen etorkizun hurbila zein urruna bermatu gura duen elkarlana abiatu dugu, sektore antolatu gisa funtzionatzen hasi ahal izateko lehen harria.

Sektore hori eguneratzeko, gogoeta egin gura dugu hedabideok, erabiltzaileekin, eragileekin eta administrazioekin batera. Horregatik, sinatutako dokumentua hartarako prestasuna agertu duten erakundeetan aurkeztuko dugu, gogoetarako oinarri baliotsua izan daitekeelakoan. Eta erakundeei, bide horretatik, hausnarketa mahai bateratua eratzeko deia egin nahi diegu.