Elizkizunak latinez egiten zirenez, herritarren artean sinesmen katolikoa zabaltzeko sortu ziren, besteak beste, Aste Santuko prozesio eta nekaldiaren antzezpenak. Gaur egunera arte iraun dute toki askotan, herriko kultura adierazpenen parte bihurtuz. Egunotan Bizkaiko hainbat herritan ikus daitezke halako erlijio erakustaldiak, eta ez dira gutxi izaten eurak ikustera gerturatzen diren bizkaitar eta bisitariak. Hona hemen nagusiak:
1. Balmaseda
Nekaldirik ezagunena Balmasedakoa da. XVI. mendeko penitentzia prozesioetan dauka jatorria, historialarien arabera. Garai hartan herria izurriteak jota zegoen, eta gaitza desagertuz gero penitentzia egiteko hitza eman zioten herritarrek San Roke zaindariari. Nekaldiari aipamen egiten dion dokumenturik zaharrena, ordea, XVIII. mendekoa da. Hasiera hartan, prozesioetan ikus daitezkeen zurezko irudiak eta gurutzeak ateratzen zituzten kalera. Askoz kontu modernoagoa da antzerkiarena: XX. mendekoa.
Edonola ere, gaur egungo balmasedarrentzat urteko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat izaten da. Orotara, 700 herritarrek parte hartzen dute nekaldian. Horietatik 350 aktore lanetan aritzen dira, aktore profesional izan barik. Hala, hilabeteak egiten dituzte entsegu eta bestelako prestaketetan buru-belarri.
Bart iluntzean ikusi ahal izan zuten aurreneko zatia, eta gaur goizean antzeztuko dute bigarrena. Aurreneko emanaldian, besteak beste, Jesusek apostoluekin egindako azken afaria, baratzeko otoitzaldia, Jesusen atxiloketa eta Kaifas abade nagusiaren aurrean egindako epaiketa antzezten dituzte. Gaur goizean, berriz, Pilatok Jesusi egindako epaiketa, gurutze bidea eta gurutzeko heriotza antzeztuko dituzte.
09:30ean hasiko da emanaldia Klaratar lekaimeen komentua izeneko eraikinaren ondoko zelaian. Gurutzerako bidean herriko alde zaharra zeharkatuko dute aktoreek. Milaka bisitari jasoko ditu egunotan, bada, Enkarterriko herririk handienak. Gaur goizeko saiorako sarrera eskuratzeko astia dago oraindik. Klaret antzokian erosi ahal izango dira, 08:00etatik 09:15era bitartean.
Antzezpenaz, gain, Balmasedako nekaldiak prozesioak ere baditu. Atzo arratsaldean atera zituzten aurrenekoz pasoak alde zaharreko kaleetara. Gaur, berriz, bi prozesio izango dira. 19:00etan Ehorzte Santuaren prozesioa egingo dute. Nolabait, goizeko antzezpenean hilko den Jesus lurpera bidean lagunduko dute. Pasoekin batera, prozesio horretan goizeko antzezpenean ere parte hartu duten hezur-haragizko hainbat pertsonaia ibiliko dira kaleetan: Maria Magdalena, Andre Maria, Veronika eta apostoluak, besteak beste. 21:30ean, berriz, Isiltasunaren Prozesioa egingo dute. Hilerriko Kristo eta Andre Maria Doloretakoa aterako dituzte kaleetara, soldadu erromatarrek babestuta.
2. Durango
Hemeretzigarren urtez antzezten ari dira Durangon Pasiñue esaten dioten Jesusen nekaldia. Juan de Iciar kultur elkarteak antolatzen du. Hiru egunetan egoten da antzezlana ikusteko aukera: eguazten, eguen eta barikuan. Hala, gaurkoa da azken emanaldia. Balmasedan ez bezala, Durangon, egunero antzezten dute nekaldi osoa. Hau da, azken afariarekin hasi eta gurutzeko heriotzara arteko pasarte guztiak taularatzen dituzte egunero. Gainera, Durangon agertoki bakarra erabiltzen dute: Santa Ana plaza.
Azken urteetan turismo eskaintza berezia egiten ari dira, Durangoko Udalarekin batera, herriko hoteletan lo egin eta Aste Santuko egunak bertan igarotzeko, nekaldiaren antzezpena ikusteko aitzakian. Hala ere, eskaintza hori hartzen ez dutenek ereprozesioa ikustera joateko sarrera eskura dezakete.
3. Zaratamo
Arkotxako (Zaratamo) Gaztek Abi gazteen astialdirako elkarteak antolatuta, duela 47 urte hasi ziren auzo horretako biztanleak Jesusen nekaldia antzezten Aste Santuan. Urtero-urtero ehun bat lagunek parte hartzen dute, eta, antolatzaileen esanetan, indarra galdu ordez, azkenaldian gero eta laguntza eta babes zabalagoa jasotzen ari dira.
Bart antzeztu zuten azken afaria, auzoko elizan. Gaur, berriz, 11:00etan dute hitzordua, gurutze bidea osorik ikusi nahi dutenek. Elizako plazatik abiatuko dira, eta handik Santa Barbara auzorako bidea hartuko dute. Hamalau egotaldiak egin ostean, gurutziltzatuko duten muinoan bukatuko da antzezpena.