Izua eta indarra

Bere kabuz arnasa hartzeko beldur da haur jaio berria. Ama berriro itzuliko ez ote den beldur, eskolan hasi den txikia. Taldeak onartuko ez ote duen beldur, institutura doan nerabea. Koadrilak eta bikoteak ahaztuko ote duten beldur, atzerrira doan gaztea. Lanetik botako ote duten beldur, haurdun geratu den andrea. Ezgaituen multzora baztertuko ote duten beldur, erretiratzera behartutako gizon adin erdikoa… Bizia galtzeko beldur, bizirik sentitzen dena… Bizitza uzteko beldur, heriotza gertu sumatzen duena…

Joanna Bourke ez ohiko historialariak emozioen bidez aztertzen ditu gertaera eta ekintza historikoak. Bere ustez, beldurrak gidatu du XX. mendea eta beldurra izan da gobernuek jendea kontrolpean edukitzeko erabili duten tresna. Joanna Bourkek garaian garaiko gizon eta andrazkoak hartzen ditu protagonistatzat eta protagonista horiek akzio zehatzak burutzera bultzatzen dituzten arrazoi pertsonalak ikertzen ditu; oinazea eta beldurra, adibidez, eta horiei aurre egiteko ahalmena, indarra, indar fisiko, moral eta emozionala.

Beldurra betidanikoa da, dio; Erdi Aroan sorginak zeuden, deabrua, pestea… Orain, elikadura, klima aldaketa, minbizia, terrorismoa… Izan ere, izua oso erraz sor daiteke, haur-jolasa da. Zer datorren ez jakiteak blokeatu egiten gaitu. Zelan egin aurre horri? Indar fisiko, moral eta emozionala landuz.

Joannaren iritziz, ‘baldintza normaletan’, indartsu izaten irakats dezakegu. ‘Baldintza normaletan’ = oinarrizko behar izanak bermatuta daudenean. Baina, zer gertatzen da ‘baldintza normal’ horiek kili-kolo sumatzen direnean?

Mamuei buruzko ipuinak oso erakargarriak dira txikientzat, jende handixeagorentzat beldurrezko filmak bezainbeste. Aitzitik, esango nuke, jende txikia beldurrak baino gehiago erakartzen duela ikusteak zelan egiten dion aurre beldur horri protagonistak; izan ipotxak, izan inurriak, izan txakurtxoak, katutxoak, saguak, neskatoak, mutikoak, edo ikarak umetutako helduak.

Bai, agian beldurrari aurre egiten dioten protagonista, hasieran kikilduak eta amaieran indarberrituak, asmatzen hasi beharko dugu. Betiko ipuinen osagaiak har ditzakegu: heroia -edo heroina- eta honen laguntzaileak; aurkaria eta aurkariari men egiten diotenak; mamuen fabrikatzailea eta fabrikatzaile horri dirua eta baliabideak ematen dizkiotenak; heroia edo heroina, bere ordura arteko bizimodua utzita, bide ezezagunetan abiaraztera bultzatzen duten arrazoiak…

Bai, behar bada, ez dabil hain oker Bourke anderea, esaten duenean arrazoi pertsonalak direla gertaera historikoen atzean gordetzen direnak.

Eta, uste dut, XXI. mendearen bigarren hamarkada honetan ere, ‘baldintza normalen’zakua hausten hasia dela eta, ondorioz, izuari aurre egiteko indarra lantzen hasi beharko dugula.

Indar fisiko, moral eta emozionala.