Herri arteko lehiaketa sortu dute Busturialdean

Sokatiralari profesionalez gain, badira zale gisa lehiatzen diren taldeak ere. Zaletasunaz haratago, herri arteko lehiaketa sortu dute Busturialdean, eta hainbat herrik parte hartzen dute bertan: Busturiak, Muruetak, Foruak, Kortezubik eta Mendatak. Goma gaineko modalitatean aritzen dira. Kategoria horretako lehiaketa profesionalak neguan egiten diren arren, uda sasoian egiten dituzte Busturialdekoek saioak, herri batzuetako eta besteetako jaietan. Iaz, Muruetako taldea atera zen garaile. 2009an ekin zioten herri arteko lehia honi. Denbora-pasa gisa hasi zen erakustaldia, baina seriotasuna hartu du denborarekin. Izan ere, taldeek entrenamenduak egiten dituzte —batzuetan, euren kabuz, eta, beste batzuetan, talde profesionalen laguntzarekin—. Busturian, gainera, bertako emakumeek taldea eratu zuten iaz, eta desafioa egin zuten herriko gizonen kontra. Abenduan egindako erakustaldi batean, andreek, herriko gizon gazteek, helduek eta ligako lehiaketako taldeek tiratu zuten. Busturialdeko taldeak zaletasunagatik aritzen dira sokatiran, eta ez dute profesional gisa aritzeko asmorik.