“Sorpresa”. Urduñako alkate izatearen albistea hala laburtzen du Karlos Arranz bilbotarrak (Bilbo, 1981). Leioa, Bilbo, Sondika eta Orozko herriak izan ditu bizitoki, baina Urduñak geratu du haren joan-etorria; edo, abiarazi. Turistentzat atseden hartzeko herria bada ere, Arranzentzat guztiz kontrakoa da; “beste leku batera joan behar dut erlaxatzera”.
Foru plazako iturri barruan hasi zuen alkate ibilbidea: “Lau urte daramatzat herrian, eta nire bataioa izan zen, Bilduk alkatetza gehiengo osoz lortu zuela ospatzeko”.Udalari eta herriari denbora emateak seme-alabekin egoteko astia kentzen dio: “Duela gutxi izan naiz aita bigarrenez; dena pilatzen ari da”.
Esaera zaharrak dioen gisan, herri txikia infernu handia dela pentsatzen du. Ez, ordea, herritarrengandik, langileak egon arren liberatu bakarra denez erabakitzeko zama guztia harengan geratzen delako baizik.
Udala ekonomikoki “egoera latzean” eta estrukturalki “antolatu gabe” aurkitu du. Izan ere, dioenez, aurreko gobernu taldeak sei milioi euroko zorra utzi die herentzian. Haatik, salaketa publikoa egin baino gehiago, herritarrei egoera jakinarazi dietela dio. “Arazoa estrukturala da; ontzia nora zihoan duela hamar urte ere ikusten zen, baina aurreko gobernuek ezkutatu egin dute”. Arranzen ustez, gardentasuna ezinbestekoa da; “akatsak ez dira ezkutatu behar, identifikatu, kaleratu eta konponbidea bilatu baizik”.
Aitortu duenez, udaletxea lantoki bihurtu arte ez da jakiten kudeatzea zer den. Eguneroko beharrak erakusten du lana zer den eta nola egin behar den.
Lehen urtea barne antolamendua definitzen eta plan estrategikoa egiten pasa du: “Gauzak antolatu, barneko baliabide ekonomikoak finkatu eta plangintza zehaztea da gure erronka”. Errealista izan behar dela dio. Eta ez zaiola gustatzen aurrez herriari ideia finko bat proiektatzea, ikuspuntu eta bide berriak baztertzen baititu horrela jokatzeak.
Epe labur eta luzerako helburuak plan estrategiko batean txertatu ditu: “Gauzak norabide batekin egin behar dira. Zer gertatuko den auskalo! Udalera iritsi garen garai hau oso gogorra da”.
“Zelako Urduña behar du herriak?” galdera herritarrekin landu beharrekoa da, haren iritziz. Horregatik, hainbat batzorde osatu dituzte. Horien artean daude berdintasun eta jai batzordea, zeini Otxomaio festak antolatzeko dirua eta botere osoa eman dioten. Hala ere, ez du uste jaietan parrandarako aukera askorik izango duenik: “Orain beste era batera gozatu behar ditut”.
Lantegiak hilda, kezkak bizirik
Azken urteetan, Urduñako industrialdeko enpresa gehienek porrot egin eta ateak itxi dituzte. “Oso zaila ikusten dugu enpresa handi bat etorri eta 200-300 lanpostu sortzea. Herriko enpresa handiena udala bera eta zaharren egoitza dira, 20 eta 30 langilerekin”. Giltza herritarrengan egon litekeela sinesten du: “Nekazaritza eta abeltzaintza oso garrantzitsuak dira. Ezetz ematen du, baina produktu horiek bigarren sektore bilaka daitezke. Haragia bada jatorrizko produktua, saltxitxak salduko dituen industria edo denda ireki daiteke”.
Argia ikusteko jarrera pasibotik aktibora pasa behar dela garbi du Arranzek. “Norbaitek lana eskaintzeko zain egoten gara, baina edonork lana egiteko zerbait eman dezakeela ahazten zaigu”, erantsi du.
Golf zelaia garestia zela eta, zerbitzua bertan behera utzi du udalak. Ortu ekologikoek, aldiz, aurrera darraite. Izan ere, naturari errespetuz begiratzen dio: “Hirigintzan, gauza berriak egin baino gehiago, dagoena zaindu eta berritu behar da”.
Alabaina, ez du baztertzen inbertsio berriak egitea. Horren adibide da udal jantokia. Aurreratu duenez, Urduñan aktiboki dauden jantoki kolektiboak zerbitzatzeko izango da: nagusien etxea, eskola… Hala ere, proiektu handiena herrian antolakuntza eta oreka bilatzea izango dela azpimarratu du: “Proiektu asko dauzkat buruan, baina ez dira errealak. Zulotik ateratzearekin nahikoa lan dugu”.
Elkarlana gidari
Herriak ala alkateak nork agindu behar duen galdetzean, “agindu” hitza ez zaiola gustatzen dio. Bakoitzak bere zeregina duela iruditzen zaio. “Herritarren iritzia kontuan hartu behar da, baina politikariona da ardura edo erantzukizuna”, gehitu du.
EITBko Vaya Semanita programan ez bezala, herri galdeketak ezin direla etengabe egin esaten du: “Azken erabakia eguneroko gauzetan politikari edo alkatearena da, ez herriarena. Herriak hauteskundeetan erabaki du udalean zein agintari nahi duen eta lau urteetan zein programa garatzea nahi duen”. Udala bideratzeko irizpidea politikari eta herritarrek elkarlanean jardutea da Urduñako alkatearentzat. “Ez bakarrik hauteskundeetan”, dio.