Arrazakeriarik Gabeko Eskola saria jaso zuen joan den ostiralean Barakaldoko Zuhatzu ikastetxeak. “Desberdinen arteko elkarbizitzaren alde egindako lanak” saria izan duela deritzo Barakaldoko Udalak, prentsa ohar bidez jakinarazi duenez. Lan horri esker jarrera intolerante eta arrazistak desagerrarazi dituztela eta ikasleek gatazkak modu baketsuan konpontzen ikasi dutela deritzo udalak.
Bakearen Aldeko Lankidetza Asanbladak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eman diote saria. Eskolan jarritako plaka azaleratu ostean, Tontxu Rodriguez alkateak gogora ekarri zuen era horretako sari bat ez dela kasualitatez lortzen: “Zuhatzu ikastetxeari eman badiote, desberdinen artean elkarbizitza eredugarria lortzeko zenbait erreminta martxan jarri dituelako eman diote; besteak beste, elkarbizitzarako plana eta ikasle berriei harrera egiteko plana”.
Horrez gain, Elkarbizitzaren Behatokia ere sortu dutela gogorarazi zuen Rodriguezek, une oro arrazakeriarekin eta xenofobiarekin lotutako egoeren aurrean erne egoteko. Behatoki hori ikasleek, irakasleek, gurasoek eta Barakaldoko Udaleko ordezkari batek osatzen dute. Ikastetxean, bestalde, martxan dituzte eskolako bitartekaritza eta bakearen aldeko lankidetza bultzatzeko zenbait programa ere.