Nafar eta gaztelarrak, Bizkaian

Hirugarren urtez, Bilboko Iralabarri auzoak historian atzera jauzi egingo du. Asteburu honetan berrituko dute 2010ean auzoko jai batzordeak lehenenegoz martxan jarritako Erdi Aroko azoka. Aurten, duela 500 urteko Nafarroako erresuma ekarriko dute Urizar dorrearen inguruetara. Izan ere, Nafarroako eta Gaztelako tropek 1512an izandako guduak izango dituzte gogoan, erresuma zaharraren konkistaren V. mendeurrena beteko dela oroituz.

Jai batzordeak jakinarazi duenez, “Nafarroa ahizpa zaharrena nahi du gogoratu” aurtengo azokak. “Erdi Aroaren azkenetara, Gaztelako koroaren inbasio eta okupazioaren menpe jauzi zen, Fernando Katolikoaren eskutan, zeinak gogor kiskali zituen erresumako gaztelu eta eliza denak”, adieraziko dute bihar eguerdian irakurriko duten pregoian.

Horrez gain, auzoaren premiak ere ez dituzte ahaztuko. “Denona eta denontzat izan behar lukeen dorretxean liburutegia zabaldu izana ospatu nahi dugu. Baita Juan Garai kalean jartzera zihoazen autobus geltokia gure kexei esker bertan behera utzi izana ere. Behingoz, trenbidearen lurperatzeari ere ekin diote. Horra garaipen txiki batzuk, beste zenbait porroten ondoan”, dio pregoiak.

Aldarrikapenetik, bada, asko izango du azokak. Baina, noski, jaia eta denbora-pasa ez dira faltako. Jai batzordeak emandako datuen arabera, iaz 45.000 lagun inguru bildu ziren azokara. Hori horrela, euren ustetan martxa honetan Iralabarrikoa Bilboko Erdi Aroko azoka nagusia bihurtuko da. Urizar dorretxearen inguruko parkean 80 dendatik gora egongo dira jarrita igandera bitartean. Garai hartako modura apainduko dituzte, eta parte hartzaileek ere orduko janzkera izango dute aldean. Eskulan tailerrak, erakusketak, otorduak egiteko jantokiak, musika emanaldiak eta enparauak ere ez dira faltako. Adibidez, bihar eta etzi 14:30ean herri bazkarian bapo jateko aukera eskainiko du azokak.

Gauero ikuskizunak izango dira, garai hartako gertaeretan girotuta. Igandean, Nafarroako konkistako gudu bat antzeztuko dute, gainera. Eta egunero umeentzako ipuin kontalariak, musika eta dantza emanaldiak, antzerkia eta bisita gidatuak izango dira. Eskulangileen produktuak erosi nahi dituenak ere izango du horretarako aukerarik.

ERDI AROKO AZOKA

Non. Bilboko Iralabarri auzoko Urizar dorrean eta inguruko parkean.

Noiz. Gaur arratsaldean hasi, eta igandera bitartean.