Leioako Askartza Claret ikastetxeak bizkaierazko irakaskuntza kentzeko asmoa iragarri die irakasleei. Zuzendaritzaren aldetik zuzenean halako berririk jaso ez duten arren, gurasoek elkarretaratzea egin zuten gaur zortzi, bizkaierazko eskaintzari eusteko eskatzeko. Euskaltzaindiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Labayru ikastegiaren eta inguruetako udalen babesa jaso dute, besteak beste. Zuzendaritzak irakasleei jakinarazi dienez, datorren ikasturtetik hasita euskara batua erabiliko dute irakaskuntzan.
Askartzan Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora arteko eskaintza daukate, guztia D ereduan. Ikasturte bakoitzean zortzi ikasgela edo talde daude. Horietatik zazpik euskara batua darabilte, eta zortzigarrenak, bizkaiera. Xabier Ormaza bi ikasleren gurasoa da. “Iaz esan ziguten ez zegoela bizkaierazko taldea osatzeko behar beste ikasle, eta guraso batzuei esker osatu zen. Aurten, aitzakia berbera jarri dute” .