Besteen etxeak

Beti besteei gertatzen zaie. Gu kapsula isolatu batean bizi gara, ez mundutik aparte baina bai munduko gaitzetatik salbu, zorionekoak gu: zorte hori izan dugu, beti besteei gertatzen zaiela. Sutea izan da etxean, besteen etxean, tartean hildakoak; uholdeak izan dira etxean, besteen etxean, hondamendia; krisiak gogor jo du familia bat, hurrekoa baina gu lasai bizitzeko bezain urrunekoa; etxeak desjabetzen dituzte, baina ez gurea.

Gure kapsulak zirrikitu bakarra dauka, zirrikitu txikia baina nahikoa, eta gaitz bakarra sartu daiteke bertara: minbizia; zeren, loteria guztiak bezala, jokatuz gero, tamalez, tokatu egiten da batzuetan, eta bizitzea horixe da: bizia jokoan jartzea.

Horren beldur gara, tokatuko ote zaigun zorigaiztoko loteria, eta arrakalatxoak horma guztiak pitzatuko ote dituen, horra hor gure beldur bakarra, zeren beste zoritxar guztiak, guzti-guztiak, beti besteei gertatzen zaizkie.

Duela berrogei urte inguru, nork pentsatuko zuen jaio berri zitzaizun umea kolpetik desagertuko zitzaizunik handik bi minutura. Jakin, jendeak bazekien gertatzen zela, baina beti besteei.

Aurrekoan, andre bati entzun nion esaten aspaldi hartan haurdun zegoela, eta bere amarekin joan behar izan zuela ospitalera erditzera, senarra lanean zegoelako; eta, hara helduta, ama oihuka hasi zitzaiela erizain eta mediku guztiei, argi izan zezaten emakume hark bazeukala senarra, ordurako gauza jakina zelako ama solteren ume gehiegi jaiotzen zirela “hilda”.

Denek zekiten zerbait, baina handik berrogei urtera pizten dira susmoak: ze arraroa gure umea ere hilda jaiotzea, ez ote zen lapurra gure etxean ere sartu, gauza hauek beti besteenetan gertatzen diren arren. Eta zabaltzen dituzte hilkutxak, eta ez dute ezer topatzen, edo bai, aurrekoan Galdakaon bezala.

Azken kasu horretan, hezurrak aurkitu ostean, umearen aitak esan zuen bere desioa zela gorpuzki haiek semearenak izatea. Horri ere punta atera behar, eta berehala hasi ziren batzuk ezetz erantzuten: hobe dela hezur horiek ez izatea semearenak, hobe dela pentsatzea semea bizirik dagoela nonbait, beti dela hobea bizitza heriotza baino. Eta nik diot ezetz, bizitza ez dela beti heriotza baino hobea. Ustez hilda dagoen ume horren aitarekin bat nator erabat, askoz ere jasangaitzagoa baita zure umea beste norbaiten besoetan imajinatzea, eta beste norbaiten familian hazten, eta elkarren berri izan gabe bizitzen; askoz lazgarriagoa da hori, berrogei urtez hiltzat eman duzun semea benetan hilda dagoela jakitea baino. Bizitza osoa hankaz gora jartzea, bat-batean 40 urte dituen gizon batekin aurrez aurre topatu eta zure semea dela jakitea, emozio guztien ordena iraultzea, errua norena den ez jakitea, dena engainua izan dela ulertzea.

Heriotza hori guztia baino zerbait hobea da, eta denon etxeetan gertatzen da.