Ardo zuri biziaren festa

Txakolin Eguna

Larrabetzu

Txakolin Eguna ospatuko dute domekan Larrabetzun. Ardo honi eskainitako 11. eguna izango dute etzikoa.

Ekitaldi garrantzitsua izango da Txorierri eskualdeko txakolin ekoizleentzat. Izan ere, Larrabetzuko Udaleko Nekazaritza batzordeak gogora ekarri duenez, egun horri “garrantzi handia” ematen diote: “Erreferentea da eurentzat”. Azoka ekoizleekaz eurekaz elkarlanean antolatzen dute. Txakolinaz gain, hainbat produktu ikusteko eta erosteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek: gazta, eztia, ortuariak, sendabelarrak eta fruitu txikiak. Baita horietatik eratorritako produktuak ere: landareak, xaboiak eta xanpu naturalak… Txerrikiei dagokienez, txorizoa ere izango da domekako azokan, eta, horrekin batera, baita taloa ere.

Ortuari eta ogi ekoizleen artean, Larrabetzukoak bertakoak egongo dira. “Saiatu gara herriko ekoizleak ekartzen. Azokan egongo diren gainerako ekoizle gehienak Bizkaikoak dira”, zehaztu dute.

25 erakusleku

Guztira, 25 saltoki edo erakusleku egongo dira. Horietatik, zazpi izango dira txakolin ekoizleenak.

Larrabetzuko plazan egingo dute azoka. 10:00etatik 15:00etara bitartean egongo dira saltokiak bertan. Musikaz girotutako eguna izango da domekakoa. Eguerdi aldera, gainera, txakolin ekoizleek eurek topa egingo dute, eta, ondoren, herriko bertso eskolakoek kopla batzuk abestuko dituzte.

Orain artean hainbat bisitari erakarri ditu Txakolin Egunak Larrabetzura. Azoka 15:00etarako bukatu arren herrian “giro handia” sortzen dela eta iluntzera arte irauten duela ekarri dute gogora Nekazaritza Batzordekoek. Interesa dutenei domekan Larrabetzura joateko deia egin die udalak.Joan den otsailean aurkeztu zuten ekoizleek aurtengo Bizkaiko txakolina. 2011. urteko uztarekin 1.642.907 litro txakolin ekoitzi dituzte herrialdean —2,2 milioi botila—. 358 hektarea lur hartzen dituzte Bizkaiko txakolina egiteko landatutako mahastiek. Aurtengoa “kalitatezko txakolina” da, “nahikoa konplexua, mahatsaren heltze osatuaren ondorio”, ekoizleen arabera.