1936ko sarraskiak gogora ekarri dituzte Galdakaon

1936ko gerrak eragin zituen sarraskiak ez beste inoiz ez beste inon errepika ez daitezen helburutzat hartuta, Inoiz ere ez! Gerra irudiak 1936-1939 erakusketa zabaldu zuten joan den astelehenean Galdakaoko Torrezabal kultur gunean. Sabino Arana fundazioak izenburu horrekin berarekin argitaratutako liburuko irudi onenak aukeratuta osatu dute erakusketa.

Irudiak eta argazkiak ez ezik, hainbat pertsonaren lekukotasunak ere jaso dituzte. Hain zuzen, haien bizipenak eta ikusi eta jasan zutenari buruzko informazioa ere ikusi ahal izango dute bisitariek.

Erakusketako txoko batean, gainera, Galdakaon gertatutakoak kontatuko dituzte argazkien eta testuen bitartez. Galdakao Gogora elkarteak egindako lanaren emaitza da han ikus daitekeena. Talde horrek lan handia egin du hainbat aztarna bilatu eta dokumentatuta, herrian zer gertatu zen argitzen lagunduko zien edozein datu bilatzeko.

Apirilaren bukaera aldera arte dago erakusketa bisitatzeko aukera. Astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 17:30etik 20:30era. Maiatzeko lehenengo hamabostaldian Txapelenean ere ikusgai jarriko dute argazki erakusketa hori.

Erakusketaz gain, hainbat ekitaldi prestatu dituzte duela 75 urte Condor hegazkinek Galdakaon sorrarazi zuten beldurra eta eragin zituzten hondamendia eta kalteak ahatz ez daitezen. Hogeita lau pertsona hil zituzten Galdakaon bertan. Haien omenez eta galdakoztar guztiek gertatu zena gogora dezaten eta halakorik berriz ere gerta ez dadin aldarrikatzeko, programa zabala antolatu dute. Artean argitu gabe zeuden zenbait datu ere azaleratuko dituztela iragarri dute antolatzaileek.