Mallabia
Lodosa eta Sartagudako (Nafarroa) Ibaialde ikastolaren aldeko eguna ospatuko dute bihar Mallabian. Herriko kultur eta kirol elkarte guztiek, hainbat herritarrek eta udalak bat eginez antolatu dute biharko Elkartasun Eguna.
Erriberako gaztetxoek ikasketak euskaraz egin eta bukatu ahal izateko “aukera eta eskubidea” urratzeko arriskuan dagoela ekarri dute gogora antolatzaileek. Izan ere, gogorarazi dutenez, Ibaialde ikastola “egoera larrian dago; Nafarroako Gobernuak diru sarrerak murriztu dizkio eta, ondorioz, ixteko arriskuan dago”.
Giroa, aspaldi berotuta
Egoera horri irtenbidea bilatzen laguntzeko asmoz antolatu dute jaialdia. Biharko egunerako giroa berotzeari aspaldi ekin zioten, gainera, Mallabian. Hain zuzen, herriko hainbat txokotan ikastolaren aldeko dirua biltzen hasi ziren duela hilabete inguru, era guztietako ekimenen bitartez: laguntza bonuak, garbantzuen kiniela, diru kutxak…
Herriko plaza izango da Ibaialde ikastolaren aldeko elkartasun egunaren agertokia. 11:00etan emango diete hasira ekitaldiei, tailerrekin eta umeentzako jokoekin. Handik aurrera, era guztietako jarduerak izango dira, kirola, herri kirolak, tonbola eta kontzertuak, besteak beste.
Ekitaldi nagusia herri bazkaria izango da. Bazkalostean, gainera, herri kantak abestuko dituzte eta tarte horretan, haurrek hormairudi erraldoi bat margotuko dute, gero Ibaialde ikastolako ikasleei oparitzeko. Egun osoan Lodosako ikastolako ordezkariak izango dira bertan.
EGITARAUA
11:00etan. Tailerrak eta haurren jolasak.
11:00etatik 13:00etara. Spinning saioa eta tonbola.
13:00etatik 14:30era. Bertso- poteoa.
14:30ean. Herri bazkaria. Bazkalostean, herri kantak abestuko dituzte. Umeek hormairudi erraldoi bat margotuko dute.
17:00etan. Haurrentzako herri kirolak, herriko plazan.
Bukatzeko. Kontzertua: The Frikis, The Mokers eta ezusteko talde bat.