Joan den azaroaren 25ean Igorren inauguratu zen Arratia-Palenque. Elkartasun zubiak eraikitzen erakusketa ibiltaria, eta bere ibilbidean aurrera egiten jarraitzen du; orain arte Igorren, Zeanurin, Artean eta Bilboko Begoñazpi ikastolan egin ditu geldialdiak, eta martxoaren 24tik apirilaren 1era bitartean Diman izango da ikusgai. Ondoren, Arratiako beste herrietan zehar ibiliko da.
Arratiako Elizak antolatzen duen erakusketa honen helburu nagusia zera da: Arratia eta Ekuadorko Los Rios probintziaren artean duela 64 urte eraiki zen elkartasun zubia sendotzea. Kontuan hartu behar da 1948. urtean Los Riosko misioa zabaldu zuen espedizioko 8 misiolarietatik 3 arratiarrak zirela: Zeanuriko Maximo Gisasola eta Eusebio Ozerinjauregi, eta Lemoako Frantzisko Arraibi, hain zuzen ere.
Lehen misioa
64 urte beteko dira Arratiak eta arratiarrek Los Rios probintziarekin harreman estu eta berezia hasi zutenetik. 1948. urtean Pio XII.a aita santuak baimena eman zion Gasteizko elizbarrutiari —sasoi hartan Donostia eta Bilbo ere bere parte ziren— misioa zabaltzeko Los Riosen.
Ordura arte misiolari bakarrak orden erlijiosoetako fraideak ziren. Aita Santuaren aginduak jarraituz, Carmelo Ballester Gasteizko gotzainak honako apaiz zortzikotea bidali zuen Los Riosera misiolari: Elias Zuloaga, Leandro Zaloña, Gregorio Alonso, Luis Alberdi, Bitor Garaigordobil, Frantzisko Arraibi, Eusebio Ozerinjauregi eta Maximo Gisasola. Zortzi horien artean lau bizkaitarrak ziren, eta hiru arratiarrak: Bitor Garaigordobil (Abadiño), Frantzisko Arraibi (Lemoa), Eusebio Ozerinjauregi (Zeanuri) eta Maximo Gisasola (Zeanuri).
Orduan idatzi zuten Arratia eskualdeko historiaren orrialde solidario ederra arratiar prestu hauek, fedearen eta abenturaren tintaz idatzia ere. Orrialde hori batu, balioa eman eta zabaldu nahi du Arratiako Elizak Arratia-Palenque. Elkartasun zubiak eraikitzen erakusketarekin, eta, horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa eta Arratiako mankomunitate eta udalen laguntza izan ditu.
Erakusketa
Argazki, mapa eta testuen bitartez, misioaren historia eta baita gaur egun lurralde haietan egiten ari diren lana ere biltzen da erakusketan. Javier Lacalle Laka zornotzar artistak erakusketa iragartzeko diseinatu duen kartelean islatzen den bezala, Gorbeiako gurutzea eta Los Riosko mapa elkar besarkatzen dira elkartasun zubiak eraikiz, hirurogei urtetik gora Arratiako herriaren eta Ekuadorreko kostaldeko herri montubioaren arteko bizia, ametsak eta fedea komunikatuz. Nazioarteko elkartasunak irribarrea sortzen du Palenqueko umeen aurpegietan, eta kartelaren behealdean beren agurra eskaintzen dute Bizkaiko lau apaiz misiolariek.
Erakusketaren beste sail batean, gaur egun lankidetzan, garapenean eta askapenean egiten ari diren lana erakusten da, adibide moduan, sasoi hartan Vinceseko parte eta gaur egun udal edo kantoi den Palenqueko errealitatea aurkeztuz: nekazaritza kooperatiba, emakumearen alorrean egindako lana, osasuna, herri kultura, heziketa…
Ez dira ahazten munduko hainbat txokotako misioetan lanean diharduten arratiarrak ere: Juanita Agirre eta Maribel Egiluz Igorreko mojak, bata Perun, Kongon bestea; Bediako Conchita Basaguren, Venezuelan; Zeanuriko Joan Etxebarria Bogotan (Kolonbia); Dimako Maria Luisa Artabe eta Felipe Bustinza, Kolonbian eta Madagaskarren; Javi Pertika Txilen, eta Blas Esparta Argentinan…
Hainbat ekintza
Erakusketako azkeneko atalean gaur egun Arratian misioen alde egiten diren hainbat ekintza azaltzen dira: Igorreko tonbola solidarioa Gabonetan, Santa Ageda eguneko diru batzeak, Caritas Arratiak jairik jai, herririk herri antolatzen dituen Bidezko Merkataritzako postuak, edo etxerik etxe hiru hilabetean behin Arratian zabaltzen diren Los Rios izeneko aldizkariaren 400 aletik gora.
Erakusketaren inguruan beste ekintza batzuk antolatu dira, adibidez kiniela misiolaria, aurkezten den edukiari buruzko galdera errazez osatua, parte hartzaileari Bidezko Merkataritzako produktuz osaturiko otzarak irabazteko aukera emango diona, hau guzti hau Arratiako Caritasek lagunduta.
Gaian sakondu nahi izanez gero, eskura izango da Palenque bertatik liburutxoa eta www.arratia.tk webgunean ere erakusketaren informazio eguneratua eskuratu ahal izango da.