Bizkaia pilotalekuak 43.000 ikusle hartu ditu lehen urtean

Urtebete da Bilboko Bizkaia pilotalekua ireki zutela, eta 42.859 ikusle hartu ditu tarte horretan jokatu diren pilota profesionaleko 53 jaialdietan. Maitane Leizaola Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Saileko zuzendariak eman du datu hori, eta “arrakastatzat” jo du zaleen erantzuna. Esan duenez, “aurreikuspenak hobetu egin dira”, hein handi batean esku-huskako pilota enpresek uste baino jaialdi gehiago antolatu dituztelako, tartean hiru finalak, pilota sasoiko partidarik garrantzitsuenak.

Leizaolak gogorarazi du pilotaleku berria “gaur egungo pilotaren erreferente” bat dela, eta zifrek arrazoia ematen diote. 53 jaialdietatik hogei esku-huskakoak izan dira, eta 33 palakoak. Esku-huskakoek izan dute oihartzunik handiena, eta gehienetan sarrera onak izan dira, mila ikusletik gora izan baitira batez beste. Jardun profesionalaz gain, Munduko Pilota Biltzarrak antolaturiko Nazioarteko Txapelketa jokatu zen maiatzean, eta Bizkaiko Pilota Federazioak 2.000 orduz erabili izan du azpiegitura hori.

Hurrengo urterako “esku-huskako hamazazpi jaialdi” egitea espero du zuzendariak, besteak beste hori delako Custom Sport enpresarekin sinaturiko akordioaren baldintzetako bat. Bizkaiko Aldundiak lau urterako lizitazio hitzarmena sinatu zuen, eta sei milioi euroko diru laguntza emango dio tarte horretan. Trukean, aldundiak irabazien zati bat jasoko du. Custom Sport hautatzeak zeresana eman zuen, enpresako presidentea Asegarce pilota enpresako zuzendaria delako; haren oniritzirik gabe, ezinezkoa zen lehiaketa publikora aurkezteko bete beharreko gutxieneko kirol baldintzak betetzea.

Bizkaia pilotalekua 2011ko martxoaren 19an inauguratu zuten, lanak lehen aldiz adjudikatu zituztenean pentsatu baino bi urte beranduago. Eraikitzeko kostuak ere heren bat garestitu ziren: hasieran uste zuten hamazortzi milioi euro izango zirela, baina 24,4 izan dira. Lur azpiko azterketak ez ziren behar adina sakonak izan, eta gerora lindanoa aurkitu izanak ere garestitu zituen lanak.