Lemoizko Armintza auzoan olatuen energia lortzeko ikerketa eta esperimentazio zentroa ezarriko duen BIMEP proiektua gelditzeko eskatu diote Euskal Energiaren Erakundeari (EEE) Eguzki, Talaia eta Txipio Bai talde ekologistek. Euren ustez, egitasmoak ingurumenean izango lukeen eragina aztertu behar da, baina Eusko Jaurlaritzak eragin horri buruzko txostena egin ez izana gaitzetsi dute. Bernabe Unda Industria sailburua eta EEEko zuzendaritza kritikatu du Eguzkik: “Ez dute aztertu nahi faunan, landaredian, eta arrantzan izango lukeen eragina. Energia berriztagarrien proiektua denez, ez dute beharrezkotzat hartzen”.
Egitasmoa 2008an aurkeztu zen, baina jatorrizko aurreproiektuari aldaketa ugari egi dizkiotela salatu dute: “Olatuen energia azpiestazio elektrikora bideratzen duen egituran eta energia neurtzeko eraikuntzan aldaketak egin dituzte, nekazaritza eremua eraikuntza eremu bihurtu dute, eta lursailak desjabetu dituzte proiektua abiatu ahal izateko”.
Hainbat erakunde Uribe Kostako Biotopoari ingurumen babesa emateko negoziazioetan murgilduta daude 2010etik, eta, alde horretatik, ekologistek gogoratu dute olatuen energia biltzeko plataforma balizko eremu babestutik 1,5 kilometro eskasera egongo litzatekeela. Hala, babestutako zona baten eta horrelako plataforma baten artean egon beharko lukeen distantzia “ez errespetatzea” egotzi diote EEEri.
Egitasmoa aurkeztu zenean, plataformak zortzi kilometro koadroko eremua izatea aurreikusten zuen aurreproiektuak. 2011ko abenduan EEEk BIMEP osatzen duten egiturak instalatzeko baimena eman zuenean, berriz, 5,3 kilometrora murriztu zen plataformaren eremua. Aldaketa horrekin, egituraren inguruko segurtasun perimetroa ere “murriztu” dela gaineratu dute eragileek.
Antzeko proiektuen adibidea
Ekologistek azpimarratu dutenez, Irlandan olatuen energian oinarritutako proiektuek eragiten duten kutsadura akustikoa aztertzen ari dira. Hori dela eta, “ikerketa horietatik lortutako ondorioak ezagutu arte, behintzat”, BIMEP gelditzeko eskatu dute.
Halaber, egituren eraikuntzan isuriko diren koipe sedimentuek “itsas hondoan, faunan eta landaredian eragingo dituzten eraginak” gogora ekarri dituzte. Azkenik, plataforma Urdaibaitik gertu egongo litzatekeela ohartarazi dute. Azpiegiturak itsaso eta lur eremuak hartuko ditu, eta hogei megawatteko potentzia izango du. Guztira, proiektuak hogei milioi euroko aurrekontua du.
BIMEP instalatzeko baimena jaso ostean, EEEk gauzatze proiektua aurkeztu beharko du lau urteko epean, Espainiako Gobernuak Bizkaian duen Industria eta Energia Saileko zuzendariaren aurrean.