Bat egizue, Europako proletarioak

Aldarrikapen hori, zaharkitua dirudien arren, gaurkotasun handikoa da. Hala dela ikusiko dugu herri honetako langileok, baita oro har Europakoek ere, jasaten ditugun murrizketei buruz eta gure eskubideen deuseztapena nondik eta nork erabakitzen duen pentsatzen badugu.

Oraindik gogoan daukagu Espainiako Erresumako presidente ohi Rodriguez Zapaterok egindako adierazpen hura: "Langileek ez dute krisia ordainduko". Hitz horiek esan bezain laster, inoizko erreforma eta murrizketa erasoaldirik larrienak agintzen hasi ziren Bruselatik. Edo Berlindik esan beharko genuke? Hitz horiek esan bezain pronto, orain arte ukiezina izan den Espainiako Konstituzioaren erreforma espres bat abiarazi zuten zorpetzea mugatzeko asmoz, eta sektore publikoaren aurkako eraso berria gauzatuz. Aginduak Bruselatik zetozen, erreskate baten mehatxupean, ala ez ote ziren Berlindik etorri? Hitzok esan bezain laster, aldaketak gertatu ziren Grezia eta Italiako gobernuetan, Monti eta Papademos bezalako ustezko teknokratak boterean jarriz (Alemania eta Frantziako banku handien eta Nazioarteko Diru Funtsaren asmatzaileak, hain zuzen). Haien zeregin bakarra herri horiek ekonomikoki eta politikoki kolonizatzea izan da; berriz ere Bruselaren agintaritzapean, ala Berlinez ari gara beste behin? Horrela behin eta berriz.

Azken urteetan, Europako Batasuna, diktadura neoliberal baten erara, herritarren erabaki ahalmena lapurtzeaz arduratu da, Alemaniako bankuen eta finantza talde handien esku uzteko. Europarron eskubideei eta bizitzari baino kapitalari lehentasuna emateko logikatik soilik uler daiteke Merkelek beste estatu kideen aurrean duen jarrera; soilik horrela uler daiteke Hitzarmenaren prozesuaren atzean dagoen egitura erabat antidemokratikoa; soilik horrela uler daiteke Europako ekonomiak duen arazo erreala Euroaren Itunaren bidez ixtea, behar bezalako oinarririk gabe; soilik horrela uler daiteke EBZri ematen zaion garrantzia, egitura antidemokratikoa izanik; soilik horrela uler daiteke zerbitzuen pribatizazioa, eta Nekazaritza Politika Bateratuaren eta antzeko politiken ikuspegi klasista eta ultrakapitalista.

Horregatik, martxoaren 29an kalera ateratzen garenean, gure gobernu-txotxongiloak estutu behar ditugu eta nahikoa dela esan, lapurretak amaitu direla. Eta ez dugu ahaztu behar eredu europar hau langileriaren, gizartearen eta planetaren interesen guztiz aurkakoa dela. Beste Europa bat posible izateaz gain, beharrezkoa ere bada kapitalaren zoramenezko logika geldiarazteko, handik sortzen baitira pairatzen ditugun zoritxarreko neurrietako asko. Europa demokratikoa nahi dugu eta eskatzen dugu; espekulaziotik aske biziko den Europa bat; eskubideen Europa; defizitak galarazten ez dituen Europa, langileen baldintzak hobetzen ez dituen superabitak baizik; zerga sistema bakarreko Europa bat, betiere, herriak hala nahi badu, baina kapitalak ordain dezan eta politika publikoak hobe daitezen. Azken finean, Europa alternatibo bat, gehiengoen ongizateaz arduratzen dena, eta ez gutxi batzuen negozioaz.

Kapitalaren Europari aurre egin nahi badiogu, langileok ere elkarrekin antolatu behar dugu maila globalean, erasoa globala delako. Ezin dezakegu onartu herriak aukeratu ez duen inork gu zuzentzea; krisi hau sortu duten interesak babesten dituztenek, hain zuzen. Horregatik, 29an guztiok Greba Orokorrera.