Emakumeen aztarnak azaleratzeko ikerketa lana egin dute Ondarroan. Andreek parte hartze aktiboa izandako espazioak berreskuratzea eta ikusaraztea du helburu Emakumearen eta mugimendu feministaren oroimena Ondarroan, euren aztarnen bitartez proiektuak. Aldi berean, herria emakumeen esku hartzerik gabe eraikitzea ezinezkoa dela erakusten du.
Rosa Baltar Berdintasun teknikariak azaldu duenez, leku askotan hiri debekatuaren mapak eratu dituzte, “segurtasunik ezarekin, indarkeriarekin, erasoekin lotuta”. Aztarnen mapa “kontrakoa” dela deritzo: “Alde positiboagoa erakusten du. Lorpenei buruz egiten du berba, baita andreen presentziari buruz ere”. Egitasmo aitzindaria da: Bizkaian, Basaurin baino ez dute landu.
Herriko hainbat leku fisiko sartu dituzte mapa horretan. Izan ere, Baltarrek argi du: “Herri baten historia kaleetan, monumentuetan, plazetan dago, eta, kasurik gehienetan, emakumeak horietatik desagertuta egoten dira”. Identifikatutako aztarna horien bitartez, emakumeentzat eta feministentzat garrantzitsuak izan diren tokiak eta uneak berreskuratzen dira, “andreek herriaren historian eta hirigintzan eragile aktibo gisa izan duten zeregina ikusarazteko”.
Mapak jasotzen duen leku bakar bat aipatzea zaila iruditu arren, portua bururatu zaio lehenbizi Baltarri: “Leku esanguratsua da portua. Lan munduarekin bakarrik dauka zerikusia: emakumeak langile moduan jartzen ditu —prekarietatearen arazoarekin, besteak beste—”.
Hondartza ere aipatu beharrekoa iruditzen zaio. “Batetik, Saturrarango kartzela han egonik, errepresioaren adierazle izan da. Bestetik, aisialdiarekin eta zaintzarekin ere zerikusi handia dauka”, adierazi du. Izan ere, gogora ekarri duenez, gainerako herrietan parkeetan egiten den zaintza lan hori hondartzetan egiten dute askok Ondarroan. Gaineratu duenez, hondartzek eta parkeek erakusten dute gizonek eta emakumeek ez dutela ardura maila bera umeekin.
Azkenik, feminismoaren aztarna garbitzat Ondarroako Familia Plangintza zentroa aipatu du. “1970eko eta 1980ko hamarkadetan mugimendu feministaren borrokaren ondorioz lortu zen zentroa. Aztarna hori gaur egun osasun zentroan kokatu dugu, plangintza zentroa desagertuta dagoelako. Mugimendu eta borroka feministaren erakuslea da”.
Hiri plangintza aztergai
Mapa eratzeaz gain, erabilgarritasun praktikoa emate aldera, ibilbide gidatuak antolatuko dituzte ikastetxeetan. Horrez gain, egindako lanak jarraipena izango duela iragarri du Rosa Baltarrek. Hain zuzen, hiri plangintzari buruzko hausnarketa egin nahi dute ikuspegi feminista batetik. Izan ere, azaldu duenez, “hainbat ikerketak diote emakumeak eta gizonak desberdin mugitzen direla herri barruan”.
Bestalde, andreek herrian topalekuak izateari beharrezko deritzo Rakel Elu Berdintasun zinegotziak. Horretarako, Gazte Lekuko gela batzuk prestatzen ari dira, “hainbat taldetako emakume guztiak leku berean elkartu ahal izateko”. Izan ere, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna gauzatzeko, garrantzitsua da emakume guztiek elkarrekin lan egitea, haren ustez: “Horretarako, erreferentzia gune batean batzea oso garrantzitsua da. Banatuta bagabiltza, indarrak banatu eta ahuldu egiten dira”.
Apirilean, berriz, emakume guztiak bilduko dituen egoitza horretan zein zerbitzu ezarri erabakitzeko jardunaldiak egingo dituzte. “Ondarroako emakumeek erabaki dezaten zeintzuk zerbitzu nahi dituzten edota zeintzuk beharrizan dauden”, esan du Eluk.