Txistulariak elkartzeko eguna

Berrogeita hamar txistulari inguruk bat egingo dute datorren domekan, Berrizen, Durangaldeko 57. Txistulari Eguna ospatzeko. “Gehienak Durangaldekoak dira, baina kanpokoak ere etortzen dira, gonbidatuta —Bilbo, Gasteiz, Ondarroa eta abar—. Horiek, ordea, gutxiengoa izaten dira”, azaldu du Jon Aldekoa Berrizko txistulariak.

1956tik datorren ohitura horri jarraituko diote aurten ere txistulariek. Orduan, Abadiñon elkartu ziren Durangaldeko txistulariak. “Helburua jai bat ospatzea da, inguruko txistulariak batzeko”, gogorarazi du Aldekoak. “Lehen, San Josef egunean ospatzen zen beti. Urte batzuetan, gobernadoreak debekatuta, ez zen egin, baina aurtengoa 57.a da”, esan du, ekitaldiak sortu duen ohiturari aipamen eginez.

Berrizen, amezuatarren familia izan zen txistularien artean aitzindaria. Hori dela eta, kalejiran, haiek sortutako doinuak joko dituzte domekan. “Haiek asmatutako abestiak dira, baina ez zekiten solfeorik: aitak semeari erakusten zizkion doinuak; partiturarik ez zuten idazten. Ustez, Alejandro Aldekoak jarri zituen partituretan Amezua familiak asmatutako doinu horiek”, azaldu du Jon Aldekoak.

Kalejira horretan, Balentin Lasuenenak asmatutako biribilketa doinu bat ere joko dute: Iru. “Bera ez da txistua jotzen etorriko, oso nagusia delako. Baina, berriztarra denez, haren abesti bat interpretatuko dugu”, adierazi du. Gero, kontzertu bat izango da koru, baxu elektriko eta metal talde eta guzti.

Hamahiru urtean behin

Jaildi hori “ziklikoa” dela gogorarazi du Aldekoak. “Hamahiru urtean behin egokitzen zaio herri berari, urte bakoitzean Durangaldeko herri batek hartzen baitu”. Berrizen, beraz, duela hamahiru urte egin zuten azkenengoz.

EGITARAUA

11:00. Amezuatarren kalejira eta Balentin Lasuenena txistulariaren Iru doinua interpretatuko dituzte.

13:00. Kontzertua San Joan Ebanjelaria elizan. Ama begira zazu, Goizian argia astian, Iturengo arotza, Isil-isilik, Alejandrona, Araban bagare, Artillero dale fuego, Herri maite eta Mendigoizaleak kantak joko dituzte. Iratxe Uribelarrea eta Eleder Iturrieta ariko dira zuzendari lanetan. Durangaldeko txistulariek, Mendibil abesbatzak, Igone Amestik, Durangaldeko metalak eta Iremiñe dantza taldeak parte hartuko dute. Gero, Erregelak izango dira eliza aurreko plazan.