Inoiz baino “parte hartzaileagoa” izango da aurtengo Harrapazank

Urte batetik bestera indartsuago heltzen ari da Harrapazank, Bilboko gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko programa. Hiriburuko udalak, Topaguneak eta BBK Fundazioak antolatuta, 53 taldek hartuko dute parte datozen egunotan egingo den lehiaketan. Zazpigarrengoz, hartara, “inoiz baino jendetsuagoa eta parte hartzaileagoa” izango da, Aritza Escandon Topaguneko programen arduradunak adierazi duenez.

“Hitz egiten hastean, zein izaten da gure hizkuntza?”, galdetzen du Ukabila taldearen Non zaude? abestiak. Izan ere, iazko Distirazank lehiaketako irabazleek diotenez, gazte askok badakite euskaraz, baina ez dute erabiltzen. Bada, Harrapazank programaren bidez, hizkuntza baliatzeko aukera eman nahi diete, haien gustuko abaguneetan, hau da, esparru informalean, aisialdian. “Euskara gozamenagaz lotu gura dugu, esperientzia positiboekaz”, azaldu du Escandonek. Urtarrilean eta otsailean, adibidez, argazkilaritza, moda eta kazetaritza ikastaroak egin dituzte; Harrapazank TB ere sortu berri dute.

Ekimena 12 eta 18 urte arteko gazteei begirakoa da. Harrapazank Eszenatokia da aurtengo berritasuna: aurreko urteetako Distirazank eta Dantzazank lehiaketak batu egin dituzte. Funtsean, talentu lehiaketa bat da: gaitasun bereziak, trebetasun artistikoa, edo dantzan zein musikan duten dohaina erakutsiko dute.

Aurten, 188 gaztek eman dute izena, 53 taldetan banatuta; bakoitzak ikuskizun bat aurkeztuko du, hiru eta bost minutu artekoa. Otsaileko azken astetik martxo erdialdera arte jardun dira entseatzen, profesionalen laguntzaz. Antolatzaileekin batera lanean ari dira, gainera, aurreko urteetako zenbait parte hartzaile. Gazteen jarrera nabarmendu du Aritza Escandonek: “Futbolean bezala, jokalariak fitxatu ordez, harrobi lana egitea garrantzitsuagoa da”. Besteak beste, aurreko aldietako lehiakideak galen aurkezle ibiliko dira oraingoan.

Hain zuzen, asteburu honetan izango dira sailkatze galak, eta hilaren 31n egingo dute finala, Bilborock aretoan. Irabazleek 1.500 euroko saria eskuratuko dute. Egun horretan, era berean, Harrapazank Kalea argazki lehiaketaren irabazleen izenak jakinaraziko dituzte. “Jaia itzela izango da, urtero bezala”, iragarri du Sabin Anuzita Euskara, Gazteria eta Kirol zinegotziak.

Programa luzatzea, zail

Gero eta parte hartzaile gehiago dauzka Harrapazank programak; baina, oraingoz, udalak ez du urte osora zabaltzeko asmorik. Baliabide nahikorik ez dagoela argudiatu du Anuzitak, krisi ekonomikoari erreparatuta. Euskararen erabilera sustatzeko ekimenek beste politikekin bat etorri behar dutela esan du: “Egungo egoera ekonomiko zailean, gure lehentasuna eskaintza eskarira egokitzea izan da, baliabideak optimizatzeko”. Hartara, programa “gazteen gustuak kontuan hartuta” antolatuz, bi helburuak bateratzen ari direla uste du, “bai ekonomikoa, bai gazteak euskarara hurbiltzearena”.