2005 eta 2009 artean Bakioko Udalak —EAJ buru zela— sinatutako bost hirigintza hitzarmenetan hainbat irregulartasun aurkitu dituzte oposizioko alderdiek. Hala salatu zuten joan den zapatuan agintaldi honetako eta aurreko agintaldiko oposizioko zinegotziek emandako prentsaurrekoan. Horretarako, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak joan den otsailean Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako txosten baten ondorioen berri eman zuten.
Epaitegiaren arabera, SR. 2 Bakea bizitokirako eremua garatzeko hitzarmenari dagokionez, besteak beste, udalak muzin egin zion 64.000 euro eskuratzeko aukerari, kontuan hartuta hitzarmena sinatu zuen enpresak ordainketetako bat atzerapenarekin egin zuela, hain zuzen, adostu baino “68, 113, 230 eta 468 egun beranduago” —lau zatitan egin behar baitzuen ordainketa—. Atzerapenari zegokion interesa udalak zordunari eskatu behar ziola dio Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Eremu horretan arau subsidiarioak aldatu eta, 118 etxebizitza egin ordez, 306 egitea erabaki zuen Bakioko Udalak; etxe horiek eraikitzeagatik trukean eskuratu behar zuen dirua.
BDA-02 deritzon eremuan, bestalde, arau subsidiarioen aldaketa jakin bat tramitatzeko konpromisoa hartu zuen 2005ean udalak, aurreikusitako bost etxebizitzen ordez 34 egin ahal izateko. Enpresak, berriz, alboko lursail batean aparkaleku publiko bat egiteko obrak gauzatu behar zituen. Udalak 2009an betetzat jo zuen hitzarmena, aparkaleku publikoa egiteko obrak jaso ostean. Epaitegiaren arabera, baina, ez dizkiete helarazi “obren tasazio balioa ezarri zuten dokumentuak”. Horrenbestez, ezin du argitu “egindako trukea egokia den ala ez”.
Aparkaleku publikoko obrak gauzatuta, enpresa eraikitzaileek zorraren zati bat kitatzea adostu zuten. Epaitegiak, ordea, gogora ekarri du hori legearen kontrakoa dela. Izan ere, haren arabera, “administrazioak publizitate eta lehia printzipioak betez adjudikatu behar ditu obrak, eta Bakioko Udalak egin beharreko azpiegituren zuzeneko adjudikaziodun egin du sustatzailea”. Bestetik, txostenak dio Bakioko Udalaren aurrekontuan ez dela jaso “ez aparkalekua eraikitzeak eragindako gastua, ezta lortutako diru sarrera ere”.
BDB unitateari dagokionez, udalak konpromisoa hartu zuen zortzi etxebizitzaren ordez 26 egiteko aldaketak jasotzeko. Era berean, adostu zuten udalak 1.686,62 metro koadro gehiago emango zizkiola enpresa eraikitzaileari, berdeguneak eta aparkaleku publikoa egiteko zeukan lursailerako. Akordio horren bidez, udalak hirigintza aprobetxamenduaren %10 ordaintzetik salbuetsi zuen enpresa, “ekipamendu publikoa egiteko utzi zion lurzoruaren balioa handiagoa” zela iritzita.
Epaitegiak ez du egiaztatzerik izan enpresak ordainean emandakoa egokia izan den, horretarako beharrezko agiriak helarazi ez dizkiotelako. Horrenbestez, ezin izan du zehaztu “udalak lortutako emaitza ekonomikoa”. Horrez gain, gogora ekarri du ez dela egin aurreikusitako 1.142,23 metro koadroko berdegunerik.
Errenteriako SR.3 eremuari dagokionez, proiektua zuzenean eman zion udalak hirigintza alorretan aholkularitza ematen dion enpresari, “publizitate eta lehia printzipioak bete gabe”. Gainera, txostena egin zuenean Herri Kontuen Euskal Epaitegiak jaso gabe zituen proiektu horri lotutako fakturak eta ordainketak —hitzarmenaren arabera, sustatzailearen erantzukizuna zen hori—. Udaleko idazkariaren ziurtagiriaren arabera, dena den, “proiektua idatzi zuen enpresak lanen faktura aurkezteko betebeharra hartu zuen eremuaren kudeaketa aurreratuta egon ostean”.
85.000 euro kobratu gabe
Azkenik, Elexalde SR.6 eremuko hitzarmenaren arabera, adostutako ordainketak egiteko orduan atzerapenak egon ziren. Beraz, udaleko arduradunek inguru horretan etxebizitzak egingo dituen enpresari 21.000 euroren interesak eska ziezazkioketen —Bakea eremukoekin, guztira, 85.000 euro—. Halakorik ez dutela egin berretsi du epaitegiak.
Horrez gain, epaitegiak atzeman du udalak hirigintza arloan aholkularitza lana egiteko kontratatutako enpresak idatzi zituela birpartzelazio eta urbanizatze proiektuak, “inolako prozedurarik martxan jarri gabe”. Hala, berriz ere agerian utzi du “proiektu haiek zuzenean” adjudikatu zirela, “administrazio publikoko kontratu guztiek bete behar dituzten publizitate eta lehia printzipioak bete gabe”. Kontuen epaitegiak txostena egin zuenean, gainera, jaso gabe zeuden “proiektu horiei lotutako fakturak edota ordainketak”.
Enpresei interesak ez kobratzea salatu du oposizioak, kontuan hartuta, gainera, udalak sei milioi euroko zorra daukala, Amets Jauregizar Bilduko zinegotziak gogora ekarri duenez. “Oposizioak ohartarazi izan du urtero hirigintzaren alorretik eratorritako diru sarrera batzuk ez zirela kobratuko, baina EAJko gobernuak entzungor egin dio behin eta berriz”, salatu zuten Bilduko ordezkariek.
Erantzukizun politikoa
Bilduk esan du ANV, EA eta Aralar alderdiek “lau urtean salatutako irregulartasunak” egiaztatzen dituela txosten horrek. Bestalde, gogorarazi dute udal gobernuak atzera bota izan dituela oposizioak aurkeztutako alegazioak: “Egoera ekonomikoaren argazkia manipulatu du, eta herria zulo handiago batera bideratu”.
Bilduren ustez, argi dago egoera hori “atzeraezina” dela eta “galdutako dirua eta lurrak nekez” berreskuratuko dituztela. “Baina argi dugu gaur egun dugun egoerak erantzuleak dituela”, erantsi dute, eta horiek auzitara eramateko asmoa iragarri. Horretarako, EAJri “erantzukizun politikoa” eskatu diote, eta “egoera ekonomiko horren erantzuleak epailearen aurrera eramatea” galdegin.