Bost mila biztanletik beherako herrietan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko hitzarmena berritzea adostu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudelek asteon. Hala, Berdinbidean Bizkaia izeneko programak aholkularitza zerbitzua emango die udal txikiei. Diputazioarekin eta Eudelekin batera, Emakunde eta Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzak ere proiektuan parte hartuko dute. Herenegun egin zuten lehen bilera.
Bizkaian ez ezik, Araba eta Gipuzkoako zenbait udalerritan ere martxan da Berdinbidea programa. 2009an jarri zuten martxan, Berdinsarea egitasmoaren barruan. Hiru lurraldeotako udalerri handi eta ertainak biltzen dira sare horretan, hots, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %75 ordezkatzen dutenak. Baina kanpoan geratutako herri txikietan zailtasunak dituzte berdintasun politikak garatzeko, besteak beste, giza baliabide eta baliabide ekonomiko nahikorik ez dutelako. Hutsune hori estaltzeko helburua du Berdinbideak.
Programaren bidez, berdintasun gaietan koordinazio eta aholkularitza zerbitzuak emango dizkiete udalei. Datozen hilabeteetan batzar teknikoak egingo dituzte, herriek berdintasun alorrean dituzten beharrak detektatu, eta jarraitu beharreko politikak definitu eta indartzeko. Horrez gain, udalek euren artean esperientziak partekatzeko asmoa ere badute, baita parte hartzaileen arteko harremana sustatzekoa ere.