Getxoko Udaleko bost hitzarmenetan ere zenbait huts aurkitu ditu epaitegiak. Sarrikobasorako adostutako hitzarmenean udalak emandako lursailak ez daude udalaren izenean erregistratuta, eta Lurzoruaren Udal Ondarean ere ez dira sartu.
Arrigunaga urbanizatzeko hitzarmenean, berriz, jarduteko lankidetzazko sistema ezarri zuten: urbanizatze obrak betetzean jabeen administrazio elkarteekin lankidetza egiteko aukera ematen zuen. Lankidetza elkarte baten bidez bideratu beharrean, baina, lurzoruaren jabe ziren enpresen bitartez egin zuten. Udalak, gainera, sustatzailea bera bihurtu du azpiegituren adjudikaziodun, obrak jabeak edo hark erabakitzen duenak egingo dituela jaso baitute. Ormaza Behekoan, hitzarmena onartu zenerako urbanizazio lanak hasita zeuden, epaitegiak gogorarazi duenez.