Euskarazko hedabideen krisiaz jabetuta, Bilduk ez-arauzko proposamena aurkeztu zuen astelehenean Bizkaiko Batzar Nagusietan, aldundiak komunikabide horiekiko diru laguntza politika alda dezan eskatzeko. Batzar Nagusiek ez zuten eskaera onartu.
Bilduren ustez, “euskarazko hedabideak estrategikoak dira” hizkuntza eta kultura indartzeko. Hala, “beharrezko” deritzo “horientzako diru laguntza politika aldatzeari, orain arte ez delako eraginkorra izan”, azaldu du Asier Sanz batzarkideak.
Orain arte eman diren diru laguntzak euskarazko komunikabideen “defizita estaltzeko emandakoak” direla ekarri du gogora. “Horrela, baina, ez da sektorea garatzen”, esan du. Beraz, hitzarmenen eredu bat aldarrikatu dute: “Hiruzpalau urteko iraupeneko hitzarmenak egin beharko lirateke, eta urtero berrikusi”.
Bilduk ez beste alderdi guztiek ezezko botoa eman zioten koalizioaren proposamenari. EAJk gogora ekarri zuen %12 handitu dituztela eurentzako laguntzak.
Bestalde, publizitatearen %25 euskarazko hedabideetan egiteko ere eskatu zuen Bilduk. Publizitatearen helburuak aintzat hartuta —mezu bat ahalik eta gehien zabaltzea— , atzera bota zuten proposamena gainerako alderdiek.