Osasun publikoa gain behera?

Azken asteetan Bizkaiko ospitaleetako larrialdi zerbitzuetan gertatu diren kolapsoek mahai gainean jarri dituzte, berriz ere, osasun publikoaren alorrean gertatzen ari diren “murrizketak”. Sindikatuen arabera, murrizketa horiek nabarmenak dira; Osakidetzaren aburuz, baina, murrizketarik apenas dagoen.

Iñigo Bilbao LAB sindikatuko Osasungintza sektoreko ordezkariaren arabera, egia da larrialdi zerbitzuetan urteko sasoi batzuetan betidanik izan direla kolapsoak, Osakidetza zerbitzuko arduradunek azken asteotan behin eta berriz errepikatu duten bezala. Horren atzean, baina, “egiturazko arazo bat” dagoela deritzo. Lehen egun jakin batzuetan gertatzen ziren kolapsoak, gainera, orain maizago eta gripe sasoitik kanpo ere gertatzen direla gogorarazi du. Horren atzean “kudeaketa txarra eta murrizketak” daudela deritzo.

Sarri, gainera, pazienteek osasun arazo bat dutenean zuzenean larrialdietako zerbitzura jotzen dutela eta hori gaizki dagoela salatzen dela ekarri du gogora Bilbaok. Herritarren jarrera hori, baina, “sortutako osasun ereduaren ondorio” dela adierazi du; hain zuzen, lehen mailako arreta utzita dagoela arrazoitu du. “Osasun etxera zoaz, handik etengabeko arreta gunera bidaltzen zaituzte, han ez dagoela erradiografiak egiteko aparaturik eta, azkenean, munduari bira eman ostean, Gurutzetako larrialdietako zerbitzura joateko esaten dizute. Herritarrek, azkenean, zuzenean ospitaleetara jotzen dute”, esan du. “Herri bakoitzak behar dituen zerbitzuak garatzeko deszentralizazio apusturik ez da egin”, salatu du. “Osakidetzari merkeago ateratzen zaiolako zentralizatutako kudeaketa”.

Murrizketen kontua “aspalditik” datorrela dio Bilbaok. “Krisiaren aitzakiarekin, baina, orain aprobetxatu egin dute aurreko administraziotik zetorren pribatizazioaren aldeko eta osasun publikoaren kontrako neurri batzuk hartzeko”. Urtez urte “osasun arretaren kalitatea eta inbertitutako dirua gutxituz” joan dela azaldu du. Gogora ekarri du, halaber, osasungintza publikoak murriztu egin duela pertsona bakoitzeko urtean egiten duen gastua. 2010ean, 1.644 euro gastatzen zituen, eta 2011n, berriz, 1.564 eurora jaitsi zuten kopurua. “Horrek adierazten du gero eta gutxiago gastatzen dela oro har. Hori hasiera txarra da. Izan ere, gizarte honetan gero eta adineko jende gehiago dago. eta patologiak kronikoagoak dira. Horrek gastua handitu behar izatea ekarri beharko luke”.

Produktibitatea hobetuz

Osasun Sailak urtean herritar bakoitzarentzat egindako gastua murriztu izana, baina, “profesionalei eta ekipamenduei esker produktibitatea hobetzearen ondorio” dela arrazoitu du Julian Perez Gil Osakidetzako zuzendari nagusiak. “Hemen ez dugu inongo murrizketarik egin. 2009an gobernuan sartu ginenetik, kudeaketa lana egin behar izan dugu, eta sindikatuek ontzat eman ez dituzten zenbait erabaki hartu behar izan ditugu”, esan du.

Hala ere, onartu du egoera ekonomikoaren ondorioz balitekeela gaur egun batzuetan langileen ordezkapenak ez egitea lehenago egiten ziren azkartasun berarekin. Halaber, langile kopuruak, oro har, gora egin duela baieztatu du, “zerbitzu berriak martxan jarri” dituztelako; besteak beste, Galdakaoko onkologia unitate berria.

Horrez gain, haren esanetan, zerbitzuren batean zenbait ohe itxi direla esaten denean hala gertatu bada, “okupazioak behera egin duelako da”. Perez Gilek alde baikorra nabarmendu du: “Eriek gero eta egun gutxiago egin behar dituzte ospitalean, teknika eta teknologia hobeei esker”.

Ospitaleetan pazienteekin lanean ari diren beharginak, baina, ez dira iritzi berekoak. Barakaldoko San Eloy ospitaleko UGTko ordezkari bat kritikoa da:”Murrizketak daude. Langile batek gaixo agiria hartzen duenean, haren lekua beteko duen inor ez dute kontratatzen, batez ere, gaixoaldi laburrak izango direla uste duten kasuetan”. Eta horrek pazienteengan eragina duela azaldu du. “Beharginok lan gehiago daukagu, eta horrek pazienteak artatzeko orduan kalitate gutxiago suposatzen du”, esan du. San Eloyn, gainera, egunero behar baino jende gutxiagok lan egiten duela adierazi du UGTko ordezkariak. “Izan ere, larrialdi zerbitzuan, esaterako, greba egunetarako aurreikusitako gutxiengo langile kopuru bera aritzen da lanean egunero”.

LABek gauza bera salatu du beste ospitaleetan ere. Bilbaoren ustez, osasun artaren kalitate gero eta txarrago horren atzean “osasungintza pribatua, mutualitateak, aseguru etxeak eta abar” bultzatzeko interesa dago. “Izan ere, itxaron zerrendak gero eta luzeagoak badira, jendeak pribatura joko du edo aseguru bat kontratatuko du”.

Hainbat proba egiteko —eskanerrak, besteak beste— Osakidetzak pazienteak klinika pribatuetara bideratzen dituela salatu du, gainera, eta adierazi du atal horretan “dirutza” gastatzen duela. “Osasun publikoan inbertitu beharrean gero probetxua ateratzeko, probetxurik ekarriko ez digun zerbaitetan inbertitzen dute”, esan du. Osasun publikoak irabaziak emango dituela pentsatzea ezinezkoa dela iritzi dio. “Horregatik da zerbitzu publiko bat!”.

Baieztapen horiek “min” egiten diote Perez Gili, “pribatizaziorantz baino guztiz kontrako jarrera” darabiltela uste baitu. 2009an, 17.435.516 euro gastatu zituen Osakidetzak klinika pribatuetara ebakuntzak edo proba osagarriak egitera bidali zituen pazienteengatik; 2011n, ordea, 9.098.847 euro izan ziren. “Hori itxaron zerrendetako pazienteei dagokienez. Horrez gain, azpiegitura berriak zabaldu ditugu, zerbitzu gehiago ematen ari gara eta pribatura gero eta paziente gutxiago bideratzen ari gara”, esan du. “Sarri beste autonomia erkidego batzuetako albisteak entzun eta gurean gauza bera gertatzen dela uste izaten dugu. Gurean osasungintza pribatizatzen ariko balitz, ni ere kalera aterako nintzateke”, erantsi du Perez Gilek.

Bilbaok, baina, Europako herrialde batzuek osasun sistema pribatizatzeko darabilten prozesuaren antzekoa gertatzen ari dela salatu du. “Diru gehiago daukanak arreta maila altuagoa izango du, eta ez daukanak bigarren mailako erdi oinarrizko arretarekin konformatu beharko du”.