Osasun mapa osatzeko prozesuan

Ospitaleei dagokienez, Bizkaian osasun mapa osatzeko prozesuan ari da Eusko Jaurlaritza. Hain zuzen, “lau mikrosistema” egiteko helburua betetzeko Urdulizko ospitalea bukatzeko zain daudela azaldu du Julian Perez Gil Osakidetzako zuzendari nagusiak. Uribe eskualdea, Barnealdeko eremua, Bilbo Handia eta Ezkerraldea barne hartuko dituen sistema eratzen ari dira.

1. Uribe

Aurreikusitako mapa osatzeko, Urdulizko ospitalea bukatu behar dute. Asteon hasi behar zituzten berriz ere lanak, arazo administratiboak tarteko hiru hilabetez etenda egon dira-eta. 28 hilabeteko obrak egingo dituzte, eta 2013 bukaerarako martxan egongo dela iragarri du Perez Gilek. Haren aburuz, Gurutzetako pazienteen %25 Urdulizek hartuko ditu. Hain zuzen, 170.000 herritarrek Uribe Kostako ospitalera joko dute.

Eskualde horretan Gorlizko ospitalea ere badago. Han, barne medikuntzaren arloan zainketa aringarriak eta pazienteak egonkortzeko beharrezko tratamenduak ematen dituzte. Errehabilitaziorako ospitalea ere bada.

2. Barnealdea

Galdakaoko ospitaleak Barnealdea deritzon Bizkaiko eremua hartzen du, eta Busturialdeko, Lea Artibaiko, Arratiako eta Durangaldeko bizilagunak artatzen ditu. Horrez gain, tratamendua ospitale erregimenean jarraitu behar duten Durangotik ekialderanzko herrietako gaixo kronikoek Eibarren eraikiko duten Gorlizkoaren pareko ospitalera joan beharko dute. 120 ohe izango ditu, eta, Durangaldeko pazienteez gain, Gipuzkoa mendebaldeko bizilagunak ere hartuko dituzte han. Ospitale horren lanak 2014ko udarako amaitzea espero dute.

Galdakaoko ospitalean, gainera, kimioterapia tratamendua hartzeko Eguneko Ospitale Medikoa zabaldu berri dute. “Otsailean koloneko, ondesteko, goi digestio aparatuko, behazun bideetako eta belarriko, sudurreko eta laringeko minbizia duten pazienteak sartu dira. Ekainean biriketako kartzinoma patologiak dituztenak gehituko zaizkie, eta, irailean, gernu eta sexu aparatuetakoak”, Perez Gilek azaldu duenez.

Gernika-Lumon ospitalerik ez dago, baina udazkenean zabalduko dute Bereizmen Handiko Zentroa. Espezialitate guztietako kontsultak izango ditu, baita ebakuntzak egiteko bi gela ere. Horrez gain, 24 orduko larrialdi zerbitzua ere izango du, umeentzako larrialdi zerbitzua barne.

Duela zazpi urte hasi ziren Bereizmen Handiko Zentroa eraikitzen. Osakidetzak egindako proiektuak 70 ohe izango zituela jasotzen zuen. Hasieran agindu zuten hori bete dezatela eskatu diote eskualdeko taldeek eta eragileek Osakidetzari. Iaz, esaterako, Gernika-Lumokoa ospitalea izan dadila eskatzeko mozioak aurkeztu zituzten eskualdeko udaletxeetan.

3. Bilbo Handia

Bilbo Handiko bizilagunak, bestalde, Basurtu eta Santa Marina ospitaleetan artatzen dituzte. Santa Marinan patologia kronikoak dituzten eriak artatzen dituzte. Errehabilitazioa eta zainketa aringarriak ere eskaintzen dituzte osasun zentro horretan.

Laugarren eta hirugarren solairuak itxita dauzka, baina, laugarren solairua berritzeko lanak bukatu bitartean. Hirugarren solairuan 100 ohe itxi dituzte, eta gabezia horri irtenbidea emateko asmoz Galdakaoko ospitalean “hutsik” zegoen solairu batean “60 ohe inguru” ireki dituztela azaldu du Osakidetzako zuzendariak. Apirilean zabalduko dute hirugarren solairua, eta, udazkenean, bestalde, berritutako laugarrena.

Basurtuko SATSE sindikatuko ordezkarien arabera, Santa Marinako lanak bukatu ostean euren ospitalean lasaiago ibiliko dira. Horrez gain, Basurtun hartzen dituzten pazienteen idiosinkrasia besteekiko desberdina dela azaldu dute, Bilbon adineko populazioa Bizkaiko batez bestekoa baino handiagoa dela arrazoituta, hain zuzen ere. Hain justu, Basurtura doazen gaixoek, batez beste, 80 eta 90 urtetik gora dituztela esan dute. Etengabeko arreta guneetan X izpiak eta analisiak egiteko zerbitzuak, besteak beste, 24 orduz zabalik egongo balira Basurtuko larrialdietako zerbitzuan horrenbeste jende ez litzatekeela pilatuko ere baderitzote.

4.Ezkerraldea

Gurutzetak eta San Eloy ospitaleak artatzen dituzte, azkenik, Ezkerraldeko —Enkarterriko bizilagunak barne— pazienteak. Gurutzetan bertan ere solairuetako batean obrak egiten ari direla azaldu du Osakidetzako zuzendariak. San Eloyn oinarrizko osasun arreta ematen dute. Ama berriak artatzeko atalik ez dauka, ordea; ezta Gurutzetan eskaintzen dituzten espezialitateetako batzuk ere.