Lurra zaintzeko eguna

Zuhaitz Eguna

Bizkaia

Ingurumena zaintzeko eguna dute biharkoa Bizkaiko hainbat herritan: zenbait lekutan dagoeneko ospatu badute ere, Zuhaitz Egunagaz bat egingo dute bihar hainbat bizkaitarrek.

Mungian, esaterako, asteburu osorako jarduerak prestatu ditu udalak Zuhaitz Asteko ekitaldien barruan. Bihar goizean, Landareen VI. Feria egingo dute, Andra Mari plazan. Bertan, era guztietako landareen erakusketa eta salmentarako tartea izateaz gain, ume eta helduentzako tailerrak antolatu dituzte. Azoka 10:00etan hasiko da, eta 15:00etan itxiko.

12:00etatik 14:00etara, zentzumenak erabilita lore aromatikoak identifikatzen irakatsiko dute. 12:00etatik 13:00era, konposta egiten irakasteko tailerra prestatu dute. 13:00etik 14:00etara, azkenik, lore sikuen tailerra emango dute. Domekan, 2012an bost urte betetzen dituzten haurrak izango dira protagonista. Izan ere, Nire zuhaitza eta biok lelopean, ume horiek bertoko arbolak landatuko dituzte 10:00etatik 13:00era bitartean.

Lezaman, 11:00etan elkartuko dira, udaletxeko plazan. Handik Bizkaiko Foru Aldundiko basozainen etxera joango dira, eta, haritzak, lizarrak eta astigarrak landatu ostean, hamaiketakoa egingo dute Gangurenen. Goizerako, gainera, umeentzako tailerrak antolatu dituzte herrian. Zuhaitz Egunaren ospakizunak bukatzean, parte hartu dutenei opari bana emango diete.

Zierbenan ere bat egin dute arbolen eguneko ospakizunekin. Udalak dei egin du gaur 18:00etan batzeko, El Puerto ludotekan. Zuhaitzak landatzeaz gain, 20:00etara bitartean birziklatutako materialak egiteko tailerrak emango dituzte.

300 zuhaitz Arrigorriagan

Arrigorriagan, 300 zuhaitz landatuko dituzte domekan —haritzak, urkiak, astigarrak eta gereizondoak—. Ekimen horren harira, 11:00etatik 14:00etara, ingurumenarekin lotutako hainbat jarduera egingo dituzte; hala, besteak beste, tailerrak, marrazki lehiaketa bat eta umeentzako puzgarriak egongo dira.

ZUHAITZ EGUNA

Non. Mungian, Lezaman, Zierbenan eta Arrigorriagan.