“Elorriok ekarpen handia egin diezaioke turismo sektoreari”

Jauregi eta ondo antolatutako kale dotoreekin osatua, Elorriok denboraren joan-etorrian garatu du halako txukuntasun bat, patxada bat. Herriko txoko guztietan aurki daitezke garai bateko eraikin historikoak, eta, alde zaharra erdigunean izanda, berehala ohartzen da bat herriak denboran zehar izandako pisuaz. Etxe eta dorretxe dotoreek osatutako ikuspegia du, bada, Ana Otadui alkateak balkoitik begiratuta, parez pare. Udaletxe aurreko plazan, Sortzez Garbiaren basilika ere ikusten du.

Gaur egungo Elorriok ere gorde du bere itzala, eta Durangaldeko herriekin elkarlanean aritzeaz gain, Gipuzkoako Debagoienaeskualdeari ere egiten dio so maiz. Etorkizunari begira dago herria, eta, beharbada, horregatik azpimarratzen du alkateak “herriko bizitasuna” garatu nahiko lukeela, “herri dinamiko eta aktiboa” duelako helburu.

Elorrio “bizi” bat nahi luke Otaduik hemendik luze gabe. “Dinamikoa, ekintzaz betetako herria ikusi gura nuke. Horretarako, ezinbesteko izango dira jarduera ekonomikoa sustatzea eta kalitatezko enplegua erakartzea. Baina ekonomia eta lan kontuak aparte utzita, behin eta berriz azaltzen du Otaduik “elkarbizitza eta errespetua oinarri dituen herria” nahiko lukeela. “Bide luzea dugu elkarbizitza normalizatzeko, baina itxaropentsu nago. Funtsean, errespetua oinarri duen herri bat utzi nahiko nieke nire ondorengoei”, agertu du.

Iazko udal hauteskundeetatik da Otadui herriko alkatea. Kalapita politiko baten erdian hartu zuen agintea. “Bazirudien batzuek ez zituztela joko demokratikoaren ondorioak onartu. Niretzat oso egun gogorra izan zen inbestidurakoa”, aditzera eman du. Bilduk eta EAJk zinegotzi kopuru berbera eskuratu zituzten bozetan. Koalizio independentistak alkatetza lortzeko zeukan eskubidea eskatzen zuen, jeltzaleek baino boto gehiago eskuratu zituztelako. Baina, PPko zinegotziak apurtu zuen berdinketa, jeltzaleen mesedetan, hain zuzen ere.

Otaduik aitortu du egun hartatik honako bilakaera “ona” izan dela, eta hasierako egoerari “buelta eman” zaiola. “Egun hartako eta gaurko egoerek ez dute zerikusirik”, dio. Egoera egonkortu den seinaleetako bat, berriz, aurrekontuen adostasunean aurki daiteke. EAJ eta Bilduren aldeko botoekin onartu zen 2012rako aurrekontu proiektua.

Turismoari eskainitako tokia da aurrekontuetan nabarmentzen den puntuetako bat. Iazko 13.000 euroak oso atzean utzi, eta 167.000 mila euro bideratuko ditu udalak arlo horretara. Otaduiren esanetan, Elorriok “ekarpen handia” egin diezaioke sektoreari. “Baliabide asko ditugu eskura: jauregiak, ibilbideak, armarriak, ermitak, eta, noski, Argiñetako nekropolia ere bai. Esango nuke orain arte ez dugula asmatu turismoa behar bezala ustiatzen, eta hemendik aurrerako asmoa da ondarea indartzea, inguruan dagoena baloratzea eta ostalariekin ere elkarlana sustatzea”, azaldu du Otaduik.

Horren guztiaren kudeaketa turismo teknikari berri batek egingo du. Gainontzekoan, ondarea zaharberritzea, askotariko ekitaldiak antolatzea, edota ondare ibilbidearen argiztatzea dituzte jomugan Elorrioko Udalean, besteak beste.

Herriko diru sarrerak indartzeko, eraikita dauden azpiegiturak garatu eta berriak sortu behar direla uste du Otaduik. “Horregatik, oso garrantzitsua izango da hirigintza eta industria gaiak garatzea, eta, horretarako, iaz onartutako Hirigintza antolatzeko plan orokorra erabil dezakegu”. Bide horretan, hutsik dauden lur-eremuetan eraikuntza lanak abiatzeko gertu dago alkatea, “udalak enplegua ere garatzen lagundu dezakeelako industrialdeak indartuta”. Bestalde, salmenta edo alokairuzko etxebizitzak garatzea ere egokitzat jotzen du alkateak.

Naturak badu pisua

Ingurumen gaiei dagokienez, proiektu asko ditu Elorrioko Udalak esku artean. Aste Berdea izeneko ekimena martxan jarri nahi dute, “ekimen berria izango da, eta gure ingurunearen kontzientziazioa bultzatzeko baliagarria izango zaigu”. Tokiko Agenda 21 delakoa ere “oso arrakastatsua” izan da aurten, Otaduiren esanetan. “Iaz, bost herritar hurbildu ziren; aurten, berriz, 25 izan dira”.

Ingurumen gaiei lotutako anekdota edo pasadizo txiki bat ere gaineratu nahi izan du alkateak, “behin ustekabe polita” izan baitzuten udaletxean, gustura oroitzen duenak. “Eskolako umeak etorri ziren ekimen bat aurkeztera. Eskolatik San Agustin aldera joan omen ziren erreka ikustera eta argazki batzuk ateratzera. Benetan lotsagarria zen errekak argazkietan zuen itxura. Zikin piloa zegoen. Gauzak horrela, haurrek beraien burua aurkeztu zuten, erreka garbitzeko boluntario gisa, betiere udalak horretarako ekintzaren bat antolatuko balu”, gogora ekarri du.