Iñaki Azkuna Bilboko alkateak eta Jose Luis Sabas Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak Auzokide plana “auzoentzako inbertsio handi” gisa aurkeztu izana salatu du Bildu koalizioaren Bilboko udal taldeak. Zalantzan jarri dute plana lantzeko erabili den metodologia. Planak jasotzen dituen egitasmoak aurrera eramateko adostu den diru sorta ere “eskasa” dela iruditzen zaie.
Txema Azkuenaga Bilboko Bilduko zinegotziaren esanetan, Bilduk ez du bat egiten EAJren udal gobernuak sustatzen duen parte hartzearekin. Barrutietako kontseiluak ezezagunak direla iruditzen zaio, parte hartzea murritza dela. Gainera, Azkuenagak salatu du herri elkarteek ezin dutela bozketetan botorik eman. Hori horrela izanik, plana osatzeko aukeratu den parte hartze sistema ere hankamotz geratu da. Elkarte eta auzokideek euren ekarpenak egiteko hilabete baino ez dutela izan azpimarratu du, tartean Gabonetako oporrak ere bazirela. “Errekurtso faltaren aitzakia erabiliz, kontseiluan parte hartzen dutenek hainbat egitasmoren artean erabakitzeko beharra dute, den-denak beharrezkoak diren heinean”, gaineratu du.
Orotara, 48 milioiko aurrekontua onartu du Bilboko Udalak. Alegia, barruti bakoitzeko 1,5 milioi urteko. Bilduk udalak finantzatzen dituen beste egitasmo batzuekin alderatu du zenbateko hori. Hala, Bilboko BBK Live jaialdiari urtero hiru eguneko kontzertuengatik 1,46 milioi ematen zaizkiola, Bilbao 700 fundazioari 2 milioi eta Alondegiari 6 milioi. “Adibide horiek guztiek auzoek Azkunaren gobernuarentzat duten garrantzi eskasa adierazten dute”, ohartarazi du Azkuenagak. Haren irudiko, Auzokide planaren aurrekontu orokorra “irrigarria” da.
Horren harira, 2007tik hona auzoetan egindako inbertsioa %52 inguru gutxitu dela azpimarratu du Azkuenagak. Bilduk “hiriaren erdigunearen eta auzoen artean hesia” dagoela deritzo, eta hori apurtzeko eskatu dio EAJri. Hain zuzen, Bilduko zinegotziak gogorarazi du kide den udal taldeak egindako aurrekontu proposamenean auzoetarako diru sorta urtean 3,5 milioi handitzea eskatu zuela. “Lau urteotarako onetsitako planak ez du jasotzen zenbait auzotarako hobekuntza handirik”, salatu du, gainera, Irala eta Bilbo Zaharra aipatuz.