AP-68 kudeatzen duen Autopista Vasco Aragonesa enpresari zarata maparen bigarren faseari ekin diezaiola eta mapa horren ekintza plana bete dezala eskatzeko esango dio Espainiako Diputatuen Kongresuak Espainiako Gobernuari. EAJk aurkeztutako ez-legezko proposamena onartuta hartu du Kongresuak erabaki hori. Bizkaian, Ugaon eragin handia izan dezake martitzenean onartu zuten ez-legezko proposamen horrek; izan ere, urteak daramatzate AP-68ko zirkulazioak herrian eragiten duen zarata pairatzen.
Izaskun Landaida Ugaoko alkateak “oso pozik” hartu du Kongresuak hartutako erabakia. “Denbora luzez ibili gara horren atzean. Iaz, estrategia aldatu eta Kongresura jo genuenean, itxaropen txiki bat ikusi genuen. Orain, erantzun hori ikusirik, pozik gaude”, adierazi du albistea jakin bezain pronto.
Kongresuaren erabaki horren ostean, “ahalik eta arinen neurriak hartzea” eta Ugaoko biztanleek neurri horien ondorioak ikustea desio du Landaidak. Alkateak gogora ekarri du herritik bertatik pasatzen dela AP-68 autobidea. 2006an, zaratak eragiten zituen kalteak neurtzeko azterketa bat egin zuen udalak. “Ondorioek erakutsi zuten herriak izugarrizko zarata pairatzen duela leku askotan”. Beraz, “udalak eskatuta ikerketa egin zuen enpresak zenbait neurri proposatu zituen zarata hori murrizteko”, azaldu du. Besteak beste, beste errepide askotan gaur egun ikusten diren pantailak jartzea proposatu zuen.
“Urte askotan ibili gara eskaera hori egiten; herri txikia izanik, baina, baliteke gure eskaerek indar handia izan ez izana”, adierazi du Landaidak. Errepide hori Sustapen Ministerioaren eskumenekoa denez, arazoa EAJren bidez Kongresura eramatea erabaki zuten iaz.
PSOEren gobernuak konpromisoa hartu zuen Autopista Vasco Aragonesa enpresari zaratari buruzko ikerketa egiteko eskatzeko —legeak hala ezartzen du—, alkatearen arabera. Azterketak neurriak hartu behar zirela esatekotan hartuko zituztela hitz eman zieten, gainera. Gobernu aldaketarekin, baina, berriz ere egin behar izan dute eskaera.
Ugaoko alkatearen esanetan, “Autopista Vasco Aragonesak egin behar du azterketa eta neurriak proposatu. Legeak ezartzen du 2012rako eurak eginda eduki behar dituztela euren mapak”. Mapa egiteaz gain, udalarentzat garrantzitsuena da mapa horretako datuen ondorioetan zarata murrizteko agertzen diren neurriak betetzea.
Abiadura motelagoa
Errepideetan pantailak jartzeaz gain, udalaren ustez, AP-68 Ugaotik pasatzen den tartean abiadura muga txikiagoak jartzea izan daiteke beste neurrietako bat. Autobide ondoko auzoetan bizi diren ugaotarrek neurri horiek “pozik” hartuko lituzketela ekarri du gogora alkateak.
Arantza Tapia EAJko Kongresuko diputatuak 2003ko Zarataren legea bete dadila eskatu zuen martitzeneko agerraldian. Gogora ekarri zuen, gainera, Sustapen Ministerioak aurreko legegintzaldian emandako datuen arabera bost milioi ibilgailu igaro zirela iaz AP-68 autopistatik.