Sopuerta
Euskal Herriko hestebetegilerik onena nor den ebatziko dute datorren domekan Sopuertan, Txerriki azokaren barruan. Bertan, Hestebeteen 40. Azoka egingo dute, batetik; eta, bestetik, Euskal Herriko Hestebetegile Nagusiaren XVI. Txapelketa.
Enkarterrin egiten diren azoketatik zaharrenetakoa da domekan egingo dutena. Jende asko joan ohi da bertara, antolatzaileek jakinarazi dutenez, “kalitatezko produktuak” egoten direla arrazoituta. Hain zuzen, etxean egindako gazta, ogi, euskal pastel, ezti, gibel ore, txakolin eta sagardorik onenak ikusteko, erosteko eta dastatzeko aukera izango dute Sopuertara doazenek.
Kontserbak ere izango dira. Horrez gain, artisau lanak —saskigintza, zahatoak, egurrezko lanak, alezko apaingarriak…— eta hainbat makina aurkituko dituzte bisitariek erakusgai eta salgai. Feria eremuan sei txosna jarriko dituzte, gainera.
Hestebeteak protagonista
Dena den, urteetako historia daukan azoka horretako produktu nagusia hestebeteak izaten dira. Enkarterriko erara egindako txorizoak izaten du protagonismo handia. Txerri okel eta urdaiarekin egiten dute hestebete hori eta piper txorizeroa botatzen diote. Txorizo horrekin batera, Enkarterriko erara egindako arrozezko odolostea ere nagusi izaten da azokan. Odola, txerri gantza eta arroza ditu oinarri. Bi produktu horiekin txorizo eta odoloste txapelketak egiten dituzte. Hortik aterako da Euskal Herriko hestebetegile nagusia.
Bizkai, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ekoizleek dute lehiaketa horretan parte hartzeko aukera. Lehiakideek domekan bertan aurkeztuko dituzte euren produktuak, eta gastronomia munduan ospe handia duten pertsonek osatutako epaimahaiak 14:00 aldera jakinaraziko du ebazpena.
Salmentarako tarteaz gain, dantza saioa ere izango da domekan. Hain zuzen, Sopuertako Urreztieta taldeak dantza erakustaldia eskainiko du 12:00etan. Ordu horretatik 14:00etara bitartean, gainera, umeentzako tailerrak antolatu dituzte.