Seranteseko gotorlekuaren zaharberritzea, martxa onean

Santurtziko Serantes mendian XIX. mendeko defentsa sistema ugari dago. Horien artean, zenbait helburu betetzen zituzten hiru gaztelu daude, aspaldidanik nahiko txarto zainduta daudenak. Bada, Aranzadi zientzia elkartearen zuzendurik, Santurtziko lantegi eskolako hamabi ikasle Fuerte izeneko gaztelua berreraikitzen dabiltza. Juantxo Agirre historialariaren hitzetan, 1880an eraiki zuten gotorlekuhori: sei pabiloi ditu, eta 8650 metro koadro. Garai horretan, Espainiako erresumak zailtasunak zituen Amerikako azken koloniak mantentzeko, Kuban botere kolonialaren aurkako etengabeko matxinadak zirela medio. Agirrek dioenez, “dinamika horretan eraiki zuten gotorlekua”. Euskal Herrian, ostera, karlisten altxamendua zapaldu berri zuten liberalek, eta horrek ere eragina izan zuen, argi eta garbi, Fuerte gazteluaren eraikuntzan. “Bertan zeuden soldaduwk bigarren karlistaldian parte hartu zuten, liberalen alde, eta bazekiten Bilbo inguruan setio baten aurrean zeintzuk ziren hiria eta bere portua defendatzeko puntu interesgarriak, eta Serantes horietako bat zen”.

Interpretazio zentroa, bidean

Gaur egunera itzulita, azaldu behar da berreraikuntza lanak bukatzen dituztenean naturaren interpretazio zentroa irekiko dutela gotorlekuan. Proiektuaren zuzendari tekniko Anartz Ormazak azaldu duenez, lantegi eskolako ikasleak 2010eko urrian hasi ziren lanerako prestatzen: “Lehenengo sei hilabeteetan, tailerrean egon ziren, praktikak egiten”. 2011ko ekainean, berriz, gotorlekuan bertan lanak hastera zihoazenean, ingurunea egokitu eta behin-behineko azpiegiturak finkatu behar izan zuten. Izan ere, Fuerte 324 metroko garaieran dago. Horren ondorioz, inguruan ez zegoen elektrizitaterik, eta berezko ur iturriak ere jarri behar izan zituzten. Ormazaren esanetan, “horrek atzeratu zuen apur bat obra”. Berreraikuntza, berez, 2011ko irailean hasi zen, hormak berregiten hasi zirenean. “Jatorrizko garaiera ematen ari gatzaizkie hormei, handik ateratako harri berberekin”. Jatorrizko oinplanoaren arabera egingo dute berregituraketa. “Guk lehenengo bolumenak berreskuratzen gabiltza, garaiera eta forma originalak errespetatuz”. Guztira gotorlekuak sei pabiloi ditu, baina lantegi eskolakoek bakarra berreraikiko dute. Lanak urrian bukatzea espero dute. Gero, Santurtziko Udalak lehiaketa egingo du, eraikuntza enpresa batek beste bost pabiloiak altxa ditzan.

Gotorlekuan lanean diharduten hamabi igeltserotza ikasleez gain, lantegi eskolako beste sei ikasle lorezaintza eta paisaia leheratzeko lanak egiten dabiltza Serantesen. Izan ere, mendiaren balioa aintzat hartzeko bioaniztasun proiektu baten parte da.