XIX. mendeko bigarren erdi aldeko Errusiako konpositoreen lanak izango ditu oinarri aurten Musika Musica jaialdiak. Hain zuzen, Errusiako distira izenburupean, herrialde horretako nazionalismoaren konpositore esanguratsuenen lanak izango dira protagonista gaur, bihar eta etzi Euskalduna jauregian izango diren kontzertuetan.
Aurkezpen ekitaldian, Begoña Salinas Bilbao 700 Fundazioko zuzendariak azaldu zuen entzuleek “errusiar arima” ezagutzeko aukera izango dutela Txaikovskiren (1840-1893) sinfonien eta ganbera lanen eta Glinka (1804-1857), Aleksander Borodin (1833-1887), Mily Balakirev (1837-1910), Modest Mussorgski (1839-1881), Rimski-Korsakov (1844-1908), Scribain (1872-1915) eta Rachmaninoven lanen bitartez. Izan ere, erakunde horrek antolatzen du jarduera hori, Bilboko Udalaren laguntzagaz. Aurtengoa jaialdiren hamargarren ekitaldia izango da.
Guztira, musikagile horien 69 lan interpretatuko dituzte 600 artistak. Horien guztien artean, antolatzaileek jaialdia lehenengoz egin zutenetik daukaten helburua beteko dute, hain zuzen, “musika klasikoa zabaltzea eta herritar guztiengana eramatea”, Salinasen arabera.
Sarrerak bost eta bederatzi euro artean daude salgai. “Merke”, Bilbao 700 Fundazioko zuzendariaren esanetan, euren asmoa “ahalik eta jende gehien erakartzea” delako. “Eta, gero, horietako batzuk musika klasikoaren jarraitzaile bihurtzen badira, askoz hobeto”, adierazi du.
Musika Musica jaialdiak, gainera, ez du musika klasikoko ohiko programazioaren formatua, antolatzaileek argi utzi nahi izan dutenez. Hain zuzen ere, jaialdiak “entzule multzo heterogeneoa eta adin tarte guztietakoa” erakartzeko gaitasuna duela azaldu du Salinasek.
Izan ere, Euskalduna jauregian bertan, ordu berean kontzertu bat baino gehiago izango dira —areto desberdinetan— eta kontzertuak ez dira 45 minututik gorakoak izango. Jaialdian parte hartuko duten artistak, gainera, diskoak sinatzeko prest daudela aurreratu dute antolatzaileek.
Gaur, arratsaldez soilik egongo dira musika klasikoaren saioak; bihar eta etzi, halaber, goizez eta arratsaldez egingo dituzte kontzertuak.
Musika Musica nazioarteko jaialdi baten barruan kokatuta dago. Nantesko (Frantzia) La Follee Journee jaialdian sortu zen, eta beste herri batzuetara zabaldu da, tartean, Bilbora; baita Tokio (Japonia), Rio de Janeiro (Brasil) eta Varsoviara ere (Polonia).