Alabatxo antzezlana taularatuko du gaur Berrizen Marie de Jongh antzerki taldeak. 4 urtetik gorakoentzako ikuskizuna da, eta kultur etxean emango dute, 18:00etan.
Ana Meabek Laida antzezten du, eta Javier Renobalesek, berriz, Martin: alaba jaiotzeko zain dagoen bikote bat da. Beste ezer ez daukate buruan, eta ilusioz beteta daude. Alaba jaiotzen denerako objektuz beteko dute etxea.
Jose Ramon Sorioz (Tomas) Laidaren aita haiekin bizi da. Umore txarrean ibiltzen da beti, eta ez du bikoteak duen emoziorik erakusten. Ez du trasmitzen ilobaren jaiotzarekin pozik dagoenik.
Bat batean, baina, Laidak umea galduko du, eta, orduan, Tomasek eginahalak egingo ditu alabak ilusioa berreskura dezan; izan ere, Laida depresioak joko du. Martinekin zuen harreman ona berreskura dezan ere saiatuko da.
Jokin Oregik idatzitakoa da antzezlana, keinu bidezkoa, clown estilokoa. Musika eta objektuen manipulazioa ditu oinarri Alabatxo lanak. Antzezlanaren sortzaileek aurreko ikuskizunekin abiatutako bideari jarraitzeko asmoa dutela azaldu dute; hain zuzen, Robot maitea eta Zer duzu negarrez, Marie? lanekin hasitakoa.