Igorre
Gizon bi eta emakume bat eta, horiekin batera, gutxienez, maitasun istorio bat taularatuko ditu domekan Txalo Produkzioak konpainiak Hil arte bizi antzezlanaren bitartez. Adiskidetasunaren mugen inguruan hausnarketa zabalduko dute Iker Galartzak, Sara Cozarrek eta Joseba Usabiagak osatutako hirukoteak etziko saioan.
Txikitako hiru lagunen istorioa ikusteko aukera izango dute domekan 20:00etan Lasarte aretora doazenek. Betiko lagunak betirako adiskide izango ote diren ikusteke dago oraindik, hala ere, antzezlan horretan. Izan ere, jazoeraren batek kolokan jarriko du hiruren arteko adiskidetasuna.
Hausnarketa
Ikusleari ere galderak planteatuko dizkiote. Besteak beste, “zer egingo zenuke zure bikotekideak zure lagun onenarekin alde egingo balu? Biei barkatuko zenieke egindakoa? Bietako bati? Eta hala bada, zeini? Eta heriotza tartean baldin bada, egoera aldatu eta guztia desberdin ikusten da? Edozer barkatuko zenuke maitasunagatik? Eta adiskidetasunagatik? Min egin beharrean egia ezkutatzea hobea al da?”. Zalantza horien inguruan gogoeta egitera gonbidatuko dute ikuslea.
Heriotzari buruz hitz egiten duen komedia da, batetik, Hil arte bizi; eta adiskidetasunari buruz ariko den tragedia, bestetik. Azken batean, bizitzeko gogoari buruz berba egiten duen tragikomedia eramango du taula gainera Txalo Produkzioak konpainiak.
Umeentzako tartea
Igandeko ikuskizunaren ondoren, datorren asteko ostiralean herriko haurrek izango dute eurentzako saioa. Gorakada Teatroa taldearen eskutik iritsiko da Printzea eta ahatea antzezlana. 18:00etan hasiko da.
Istorio txiki gisa aurkeztuta dago. Izan ere, hori kontatzeko nahikoa dira gaztelu bat, zuhaitz bat eta etxe bat; besterik ez. Istorio txiki horrek, baina, txikia izanik ere, gauza handiei buruz berba egiten du.
Pertsonaia txiki bi dira protagonistak. Txikiak izan arren, berehala konturatuko dira ez dagoela jolasteko lagun bat izatea baino gauza dibertigarriagorik.