Zeruko argiei begira

Astronomia

Durango

Durangoko Izarra astronomia elkarteak antolatuta, behaketa astronomikoa izango da bihar gauean. Zuhatzola parkera —monumentuaren aldera— deitu dituzte elkartekoek astronomiarekiko interesa duten guztiak. 21:00etan ekingo diote behaketari.

Eguraldia lagun izatea espero du Izarra elkarteko presidenteorde den Jabi Garciak. Izan ere, gainerakoan ezin izango dute zerua behar bezala behatu. “Oinarrizkoa da lainorik ez egotea; ezinbestekoa”, azaldu du.

Teleskopioak, ordenagailu bat eta proiektagailu pantailadun bat eramango ditu elkarteak. Teleskopioetako bat ordenagailura konektatu eta azalpenak emango dituztela jakinarazi du Garciak. Hain zuzen, gau horretan zer ikus daitekeen azalduko dute.

“Datozenei hainbat azalpen emango dizkiegu. Besteak beste, ikusten ditugun konstelazioak zelan identifika ditzaketen esango diegu. Horrez gain, eguraldi ona bada, Jupiterren irudiak proiektatuko ditugu, baita ikusteko moduan dagoen nebulosaren batenak ere”. Ikusten dena planeta bat edo izar bat den identifikatzeko jarraibideak ere emango dizkiete bihar Zuhatzola parkean agertzen direnei. Horrez gain, izar multzoen izenen berri emango dute.

Jarduera horretan parte hartu gura duenak bertaratu besterik ez duela egin behar jakinarazi du Jabi Garciak. Teleskopioak eraman beharrik ere ez dago. “Baten batek esan digu teleskopio bat duela eta ez dakiela erabiltzen, ea erakutsiko diogun. Hori ere egin dezakegu, baina ez da beharrezkoa materialik eramatea. Hotzetik babesteko arropak, hori bai”, gogorarazi du Izarra elkarteko presidenteordeak, “hotza egingo du eta”, gaineratuta.

Bi orduko behaketa

Durangon herritik pixka bat bereizita dagoen eremu bat aukeratu du Izarra astronomia elkarteak biharko, argi artifizialak konstelazioak ikustea ahalik eta gutxien eragotz diezaien. Horrez gain, udalari farolak itzaltzeko baimena ere eskatu diote. Jarduerak, gutxi gorabehera, bi ordu iraungo duela esan du Garciak. Durangoko astronomia elkarte honek bete berri ditu hogei urte.