Bizkaiko hainbat herri inauterietan daude dagoeneko. Aratusteetako egun nagusiak iristeko badaude ere, Gernika-Lumok, Durangok eta beste zenbait herrik atzoko Eguen Zuri eguna baliatu zuten kaleak kolorez betetzeko. Gernikarrak arratsaldeko bostak inguruan bildu ziren pasealekuko arkupeetan, eta, tradizioak agintzen duen modura, herriko kaleetan barrena gozoki batzeko bidea osatu zuten, Eguen Zuri kantua abestuz. Bukaeran, auzoz auzo bildutako gozoki guztiak banatu zituzten hara joandako haurren artean.
1. Markina-Xemein
Herriko kaleak zeharkatuko dituen mozorro desfilea etzi egingo da, eta, bihar arratsaldean, soinekoa prestatzeko tailerra egongo da. 16:00etan, Uhagoneko erakusketa gelan bilduko dira haur eta gazteak. 19:00etan, Kontzejupetik hasiko den kantu jirarekin bukatuko da zapatua.
Domeka goiza txistularien kalejirarekin hasiko dute. Gero, Markinako bandaren kalejirak eta trikitilarienak hartuko dute lekukoa, hurrenez hurren. 11:30ean, herria zeharkatuko duen desfile bat hasiko da Goiko Portalean. Gosea dutenek bazkaria edukiko dute Benkobentan, 14:30ean. Arratsaldean, karaokea egongo da Goiko Portalean.
2. Gernika-Lumo
Aurtengo Gernika-Lumoko jaietan egingo diren ekitaldien ardatza Lapurdiko inauteriak izango dira. Horretarako, bihar, 12:00etan, parte hartzaile guztiek azken proba saioa izango dute pasealekuko frontoian. Iluntzean, Lapurdiko inauteriak antzeztuko dituzte kalez kale.
Etzi, Foruen plazan Merroen aurreskua dantzatuz hasiko dira aratuste domekako ekitaldiak, 12:00etan. Gero, oilar eta masta puntakoa jokoak hasi aurretik, Lapurdiko aratusteen erakustaldi txiki bat egingo dute. Herriko kaleak zeharkatuz bukatuko dituzte inauteriak.
3. Sopela
Bihar, 11:00etatik 14:00ak arte, inauteri jolas eta eskulanak egongo dira haurrentzat. 17:00etan, zirku jaia izango da frontoian. Ikusleak aukera izango du zirkuko tailerretan parte hartzeko. 20:00etan, diskofesta eta karaoke mundialarekin abestuz eta dantzatuz mugituko dute gerria pilotalekuan bildutakoek. 21:00etan, Bilboko Katu Buru taldearen batukada kalejira hasiko da. Emanaldiak udaletxetik abiatu eta herriko kaleak zeharkatuko ditu.
Etzi, 18:00etan, mozorro jaia eta inauteri desfilea egingo dituzte Larrabasterrako Urko kiroldegian.
4. Getxo
Bazen behin Erromon… lelopean ospatuko dituzte aurtengo aratusteak Erromoko (Getxo) bizilagunek. Umeen ipuinetan oinarrituta, haur, gazte zein helduek aukera izango dute hainbat jardueratan parte hartzeko.
13:30ean, umeek mozorro lehiaketa edukiko dute Santa Eufemia plazan. Enparantza horretantxe, 12:00etatik 14:30 artean, tailerrak eta jolasak izango dira. 17.30ean, txokolatea banatuko dute Cervantes plazan. Ordubete geroago, toki berean hasiko da auzoko kaleak zeharkatuko dituen mozorro desfilea. 20:00etan, Santa Eufemia plazan, umeek Trikizio taldearen erromeria doinuak izango dituzte entzungai. 22:30ean, berriz, gazte eta helduentzat egongo dira.
5. Ondarroa
Ekitaldiz betetako eguna izango da biharkoa ondarroarrentzat. 12:30ean, Kresala elkarteak antolatutako triki-pandero kalejira egongo da. 19:00etan, kalez kale, aratusteetako dantza saioa izango da. 20:00etan, portuan hasita, Lantzoiari egingo zaio ongietorria.
Etzi eta astelehenean atseden hartu eta gero, martitzenarekin batera bueltatuko dira inauterietako ekitaldiak. 11:30ean, umeek kalejira izango dute. 18:00etan, playback lehiaketak egingo dituzte kafe antzokian. 19:00etan, dantza saioa; eta, 20:30ean, Akuliaren ehorzketarekin emango diote bukaera ondarroarrek aurtengo aratusteei.
6. Durango
Bihar, Surrandi eta Hartza konpartsek kalejira egingo dute herriko kaleetan barrena. Irteera 18:45ean izango da, Merkatu plazan. Bukaera, berriz, 20:00etan, Santa Maria elizaren atarian. Etziko protagonistak adinekoak izango dira. 18:00etan, Duo Twister izeneko musika ikuskizuna hasiko da. Gero, orkestrarekin dantza egiteko aukera edukiko dute. Martitzena, haurren eguna izango da. Goiz eta arratsaldez, Landako guneko txu-txu trenean bidaiatzeko aukera izango dute. Aratusteei agur esateko, gazte diskoteka egongo da Oihan Vegaren eskutik.
7. Lezama
Bihar, inauteriak direla eta, herriko frontoia kolore ugariz mozorrotuko da. 19:00etan, abesti eta dantza lehiaketa izango dute artistek. 21:00etarako, herri afaria antolatu dute. Ondoren etorriko dira mozorro lehiaketa eta areto dantzen emanaldia. Diskotekarekin emango diote amaiera egunari lezamarrek.
8. Zornotza
Gaur arratsaldean, Perubeleren etorrerarekin hasiko dira aratusteak. Bihar, berriz, umeentzako diskoteka egongo da Zelaieta parkean. 18:30ean, inauteri kalejira hasiko da, eta, 21:00etan, Cañas Beat Box eta Revolta Permanent taldeek eskainiko dute kontzertua. Broken Brothers banda, berriz, herriko kaleak girotzen ibiliko da gauez.
Etzi, 12:00etan, Udaberri taldearen inauterietako dantzak egongo dira herriko kaleetan barrena. Martitzenean, 17:30ean, haurren mozorro lehiaketa egingo da. 19:00etan, Zelaietatik abiatu eta Zubiondo plazara joango dira Perubele ehorztera.
9. Mundaka
Domeka zuri-zuri hasiko da Mundakan. Atorra soinean daramatela, 12:30ean abiatuko dira Jose Mari Egileorren etxepetik; gitarra, mandolina, soinu, tinple, pandero eta beste hainbat musika tresnarekin, dantzan eta kantuan jarriko dituzte mundakarrak. 14:00etan iritsiko dira portura, eta atorren kantu zaharrak kantatuko dituzte. Arratsaldean, laminak izango dira nagusi. 18:00etan agertuko dira plazan, beltzez jantzita, aurpegia zurbil eta muxuak gorri. Beren kantu eta zantzoekin, herri osoa aztoratuko dute.