Xede ekonomikoa egotzi diote Zallako gaztetxearen auziari

Zallako Gazte Asanbladako hiru kiderentzat 360.000 euroko isuna eskatu du gaztetxea dagoen eraikinaren jabeak. Diru kopuru hori bai baina eraikina husterik ez duela eskatu arrazoituta, gazte batzarreko kideek uste dute salaketaren helburua ekonomikoa dela. “Diru nahia” dagoela diote.

Joan den barikuan —gaur zortzi— epaitu behar zituzten hiru lagun horiek. Atzeratu egin zen, baina, epaiketa, “akats tekniko batzuk egon direlako”, gazte batzarrak jakinarazi duenez. Orain ez dakite prozesuak noiz arte iraungo duen.

Zallako kanpoko aldean dagoen etxe bat da salaketaren gakoa. “Urteetan bertan behera utzita egon da eraikina, eta 2007ko abenduaren 14an okupatu zuen gazte batzarrak”, jakinarazi dute. Inputatuek, baina, okupazio mugimenduarekin zerikusirik ez dutela azaldu dute.

“Prozesuak ganorarik ez zuela esan izan dugu guk hasieratik”, azaldu du gazte batzarrak. “Hiru gazte horien aurka egin dute, pagaburutzat hartu dituzte eta, jabeak etxea husteko ez duela eskatu kontuan hartuta, gure irudipena da etekin ekonomikoa lortu guran baino ez dabilela. Jabeak ez dauka etxe hori erabiltzeko asmorik. Beraz, gure ustez, prozesua dirua irabazteko abiatu du”.

Fiskaltzak sei hilabetean eguneko 200 euro ordaintzeko eskatzen dio inputatuetako bakoitzari isun gisa. Jabeek, baina, epe horretan bertan eguneko 200 euro gehiago eskatzen dizkiote bakoitzari, “eraikinaren balioa kontuan hartuta”. Erantzuki-zun zibilerako 120.000 euro ere eskatzen dituzte hirurentzat, eta soldatetatik kentzeko bakoitzari beste 36.000 euro. “Zigorra gehiegizkoa” dela deritzo gazte batzarrak. “Erokeria bat da horrenbeste diru eskatzea”, esan dute.

Kukutzaren aurrekaria

Kukutza Errekalden eraitsi zuten gaztetxearen aurkako salaketa artxibatu izana Zallako aferan onerako izan daitekeela deritzo gazte batzarrak. “Kukutzako aurrekaria onuragarriak izan daiteke”. Hala ere, beldurra ere ezin dezakete ezkutatu. Izan ere, okupazio mugimendua ikaratzeko bidea ere zabal dezakeela uste dute: “Gurea mugimendua izutzeko prozesu bat izan daiteke. Hiru lagunentzako bizi osorako hipoteka izateaz aparte, salatzaileei, hau ondo ateratzen bazaie, aurrekari bat izan daiteke era honetako beste ekintza batzuen aurkako prozesuetan”.

Joan den asteko ostegunean —atzo zortzi— jakinarazi zuen Bilboko 9. Instruzkio Epaitegiak lantegi zahar bat okupatu eta Kukutza berria bertan sortzen saiatu ziren lagunen aurkako salaketa artxibatzeko erabakia. Zaindu gabeko lokal bat okupatzea ez dela usurpatze delitua ebatzi du epaileak. Azaroan okupatu zuten lokal hura, baina berehala kanporatu zituzten.

“Okupazio mugimendua inoiz baino biziago” dagoela deritzote mugimendu horretako kideek, epaitegiaren erabakia baloratzeko bidalitako prentsa oharrean jakinarazi dutenez. Horrez gain, uste dute epaitegietako azken erabakiek okupazioa delitua ez delako ideia indartzeko balio dutela, eta hainbat gaztetxeren aurkako salaketak artxibatu egin dituztela gogorarazi, Larraskitu eta Santutxukoak kasu.