Merke baino merkeago

Merkatu berezia

Gueñes

Egunotako hotzari aurre egiteko arropa egokia erosteko aukera paregabea izango da asteburuan Sodupen (Gueñes). Izan ere, merkealdiko azoka berezia egingo dute herriko merkatari eta ostalariek bihar eta etzi, plaza nagusian. Aurreko denboraldiko eta beste urte batzuetako produktu ugari egongo dira eskuragarri; prezio merkean, gainera. Modu horretan, nahi dute bezeroek krisiaren beldurrik gabe erosi ahal izatea behar dutena, baita merkatariek biltegiak hustea ere.

Bosgarren urtez antolatu dute merkealdiko azoka berezi hori. Aurten, Gueñeseko hamalau merkatari eta dendak parte hartuko dute. Bihar, zapatuz, goiz eta arratsalde izango da zabalik azoka: 10:00etan hasi eta 20:00ak arte. Domekan, berriz, eguerdira bitartean egongo da zabalik: hain zuzen, 14:00etan bukatuko da azoka berezi horretan erosteko tartea.

Antolatzaileen esanetan, “mauka eta aukera paregabeak” aurkituko dituzte han erosleek. Besteak beste, moda dendetan, oinetako eta osagarrien dendetan, barruko arropa dendetan, kosmetiko dendetan eta jostailu dendetan eros daitezkeen produktuak eramango dituzte merkatariek, baina ohi baino prezio merkeagoetan. Horiez gain, ile apaindegiak, estetika zentroak, lore dendak, gozo dendak, gozo dendak, optikak eta etxetresna elektrikoak saltzen dituzten dendak ere kalera irtengo dira, beren produktuekin.

Txartelak zoketarako

Prezio merkeak eskaintzeaz gain, merkatarien elkarteak erabaki du berrehun euroko opari txartelak zozkatzea, Gueñeseko eta beste herrietako erosleak erakartzeko asmoz. Hiru txartel izango dira, eta bi egun hauetan merkatura joan eta zerbait erosten dutenek izango dute horiek eskuratzeko aukera. 200 euro horiek elkarteko kide diren dendetan gastatu ahal izango dituzte. Zozketa otsailaren 13an egingo da; alegia, datorren astelehenean. Orain arteko urteetan izandako arrakasta ikusita, esperantza dute aurten ere Bizkaiko hainbat herritatik makina bat jende joango dela.

MERKEALDI AZOKA

Non. Sodupeko plazan.

Noiz. Bihar eta etzi.